Itzulbidea
Amaia Iturbide
Barne-paisaiaren mintzoari begira
maisu on bati bezala
eskuak
-gogoetaren goruak-
biltzen ditut
eta haurtzaroko zoriona elurretan izkutaturik
zetazkoa dirudien atea zabaltzean
harri bigunezko zidorretik
ibiltzen hasten naiz
adinbako iraganbideetan
aurkitzeraino
apaindura apaleko aldare bat
urre zaharreko altxorra
non oinetan
larrosatxo-sorta bat daukan
garbia
ihintzez enlutatua
barnerantz behatzen duen begiaren modura
partituraz bestaldeko soinu meheetan
hegaberen itzal bizietatik gora eklipsatzen
soslaitu arte
kristalezko arkitekturaren behatzetan
argi bat
ttikia baina argia
bakoitzak daraman gau zuriaren
islada errebelatua
bakoitzaren zeru artisaua