Nortasuna ageria
Mamud Darwich
Izkiriba zak!
Arabea nauk
Ene paperen zenbakia: berrogei ta hamar mila
Zenbat haur: zortzi
Eta bederatzigarrena... udazkenean hor izanen duk!
Eta horra non haserre hagoen
Izkiriba zak!
Arabea nauk
Harrobian aritzen nauk lanean neure oinaze lagunekin
Eta zortzi haurņo ditiat
Haien ogi taloa
Jantziak, haien eskolako kaierak
Harkaitzetarik ateratzen ditiat...
Hago gostuan! ez natzaik heure etxeraino eske joanen
Ez nauk umil umila egoten hire jauregiko atarrian
Eta horra non haserre hagoen!
Izkiriba zak!
Arabea nauk
Deiturarik gabe - neure izena baizik ez nauk
"Pazientzia handikoa" nauk halako herri batetan ezer
ororen odola berotzen duen
Kolerak
Ene erroak...
Denborak sortu aintzin finkatuak zituan
Iraunduraren besarkada aintzin
Burontza eta olibondoa baino lehen
...belarrak ireki aintzin
Ene aita... laborari familia batetarik duk
Deus ez dik delako jauneriarekin
Ene aitona laboraria zuan - izaki
balio gabekoa - ez zuan aitoren-semea
Ene etxea, zainlari txabola bat
- sugibeleko eta seskaz egina
Horra nor naizen - ongi zaik?
Deiturarik gabe - neure izena baizik ez nauk
Izkiriba zak
Arabea nauk
Ene ilea... ikatzaren kolore
Ene begiak... katearen kolore
Ezagugarriak
Buruan keffiyye bere soka tinki-tinkirik
Eta ene ahurra harria bezain gogorra
Larrutzen dik hunkitzen duenaren eskua
Maiteenik dudan janaria
Oliba olio eta xarpota
Ene helbidea:
Bakar herrixka batetakoa nauk...
Hango karrikek ez bait dute gehiago izenik
Eta gizon guziek... harrobietan bai eta lande
Komunismoa maite ditek
Izkiriba zak
Arabea nauk
Eta horra non haserre hagoen
Arabea naizela
Ene aiten mahastiak ebatsi dituala
Eta lantzen nuen lurra ere
Eni eta neure haurrei
Denak hartu dizkiguk salbu
Ene haurren haurrek iraun ahal dezaten
Horko harkaitzak
Baina zuen gobernamenduak bahitu beharrak ditik
...diotenaz
Izkiriba zak!
Lehen horrialdean, haste hastetik
Gizonen alderako herrarik ez dudala
Ez natzaiola inori oldartzen bainan
Goseak baldin banago
Usurpadorearen haragia janen dudala
Kasu eman! Kasu! Kasu!
Ene haserreari!