Ultzerak
Amaia Iturbide
I
Logela alokatuen piano-teklak
abisalera ohitutako etorbideak
non bihotz ahulak ahazten uzten diren
boxeolarien ukabilen kolpeetara
izen anonimoak oritzen hituen.
Afrikako ibaiak
ezpainak lehortzen dituztenetakoak
zuhaitz minimoen kutunak.
Eta irudien hondoetan
izan ez ginenen itzaletaz tolestatuz gindoazanan
heriotza hil zuten erretratoen aintzinean
II
Hire karikaturaren marrak
trailerren errueda-limoiekin zihoazanan
ilusioak erretiratzen diren eskaparateetan
tximino primitiboen begirada
eta Kafkaren liburuak
bigarren lerroan aparkaturik.
Dispara ezan
eki zaharra hire sorbalda ostean dagoenean
esan zinan behin etzidamuko ezpataren aurresentipenak
III
Hormetako erlojuetan edo karreterako piztien begietan
oren letalak bailiran
portuak herdoiletan desegiten zitunan
zebra-pasabideetan langileen oinhatzekin batera
mutu zirautenan sakela-eskelek
egunsentiek arropa zirzilatuetan
marru tatuatuetan proiektuek.
Suhiltzaileek udak zaindu arren
garagardoa, erlauntza eta alkimia
piztien begietan lehertu egin zitunan
IV
Euritakoen faloei obsesionatuki eusten hien
boteilen lepoei estrangulatzerakoan bezala
debekatutik elikatzen
nobela poliziakozko eszenen abrigoan
bakardadea, zakur-gerizpe hori,
eta arriskuaren taktoari jarraituz
Hegoari hurreratu hintzaion:
leizezulo bat eta barruan gizon bat
pekatu ezabagaitzagaitik ihes egindakoa
V
Ez zegonan leiho
itxasoz beterik
ajedrezko mahai hustuetako ontzien amargura
adieraz zezakeenik
ezta erizainik ere
otsaileko arrastiriak senda zitzakeenik
VI
Argiak eta ilunak elkar desegiten duteneko unean
usoak
akupuntura asesinoan
zeruaren betazalean aritzen zitunan
igandeetako mantel gainetan ere
gaueko dadoak
eta zigarro-errautsak
jaio ez direnen sententzia