Astoekin parabisura joateko otoitza
Francis Jammes
Zuregana joan beharko delarik, Jauna, egizu otoi
baserria pestan distiran den egun batez izan dadin.
Nahi nuke, hemen egin nuen bezala
ene gosturako bidea hautatu,
egun argiz izarrak dituen Parabisura joateko.
Makila hartuko dut eta errege bidean
joanen naiz, eta astoeri, ene laguneri, erranen diet
Francis Jammes naiz eta Parabisura noa,
zeren eta ez baita ifernurik Jainko Onaren herrian.
Eta erranen diet: zatozte, zeru urdinaren adixkide goxoak,
ixo kabala maiteak, beharri kolpe batez
lesparak, kolpeak eta erleak haizatzen dituzuenak...
Burua emeki apaltzen baitute
eta hain molde ezti eta urrikalgarrian
beren zango ttipiak bilduz gelditzen baitira,
hainbeste maite ditudan abere horien erdian
agertu nahi naukezu.
Jinen nitzauzu, ene ondotik beren beharriak milaka
ene ondotik, saskiak erabili dituztenak
eta zirketako karrosa tiratzaileak
edo untziz eta hegatzez beteak zirenenak,
bizkarrean bidoin kaskatuak dituztenak,
zahagiak bezain beteak iduri ernari diren astamak, urratsa motz,
errondaka dabiltzan uli tematuek
pizten dizkioten zauri urdin izerdituen gatik
galtza ttipi batzu erabiltzen dituztenak.
Jainkoa, egizu asto horiekin zure gana hel nadin.
Egizu, neska gazteen larruaren irria bezain leun
diren gereziak dardaratzen diren
erreka belartsu batzuetara
aingeru zonbaitek gida gaitzaten bakean,
eta egizu, zure ur dibinoen gainean gurturik
arimen egoitza hortan,
betiereko amodioaren uhargitasunean
beren pobrezi umil eta eztia isladatuko duten
astoen eite berekoa ukan dezadan.