Jauna miserere
Auxtin Zamora
De Lancre hiltzale
odol xurgatzale,
suaz hil hituen Lapurtar nexkatxak
hire arrazako euskaldun arrebak.
Bortiz eta ongi
burrego Rostegi
kiskalli hituen, zirela sorginak
gure arbasoen begi inozentak.
Ote duk geroztik
izan urrikirik
edo hire besta apoen artean
ote duk ? Badakik hemen anartean
delarik elurra
hotz pausatzen dira
ufatu ditukan erretuen hautsak
estaliz lumattoz Lapurdiko lurrak.
Ez duk basajaunik
ez eta debrurik
agertzen nihundik mendien puntetan
bainan arimen firfirak barrandan.
Xiren aztaparrek
irintzen ditiztek
Kaupin Jauregiko harri pikatuak,
hire sarraskien azken lekukoak.
Nexkatxen begiak
dituk erratuak
Donibane eta Senpere artean
oraino nigarrez harat hunatetan.
Gauaz bide hortan
bruma altxatzean
lasterka hasten duk emeki doana,
sentitzean erre larruen usaina.
Ez dituk ahuldu
ez dituk ixildu
ez naski sekulan ixilduko ere
nexken hil orroak. Jauna miserere.