Apez
Daniel Landart
Euskal Herriko apezetan
parrasta on bat ezagutzen dut.
Ba da denetarik...
Funtsean; andana pollita ba dugu
orainokoan segurik!
***
Guztiek, beren gisan
Jainkoa zerbitzatzen dute
eta oroz gainetik laudatzen.
Baina; batzu halere
Jainkoaz eta erlijioaz
ez ote dira ederki baliatzen?
***
Dena dela; gutartean bizi zen
apez gazte zintzo bati
emeki emeki fedea epeldu zaio
batzuen "garra" ikusita gero...
Eta, hiru urte dudamudan egonik
anitz gogoeta samin eginik
azkenean
apezgoa utzi du.
***
Euskal Herrian nahiko zuen gelditu...
Lehen-bait-lehen, edozein lani lotu...
Baina inork ez dio atea zabaldu.
Etxekoak, lotsaz, nigarretan
Kristauek aldiz ele-txarra mihi punttan
Eta apez ongi-bizi nahiak
berena gogoan:
"Vade retro, Satana. - Gora gure sotana!"
***
Joan da beraz gure apez-ohia, ixilik.
Ixilik, bakarrik, biluzirik,
gibelera so egin gabe; urratsa luzatuz...
Euskal Herritik biziki urrun den
beste Golgotha bati buruz.
***
Eta geroztik; nago
ez ote den errexago
Fededun izatea
Fede gabe baino?