inprimatu
Maindireak etxe atzean lehortzen dira...
Izenburua:
Maindireak etxe atzean lehortzen dira...
Sinadura:
Inazio Mujika Iraola
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mujika Iraola, Inazio

Argitalpena:
Literatur Gazeta.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
10.zk.
Orrialdea:
12

 

Inazio Mujika

 

 Maindireak etxe atzean lehortzen dira

 Arrats beheratik zintzilik

 Haizearen jolasgarri urdin

 Eszenario urrezkoan.

 Ifarrak, alertzeetan behera amilduz,

 Iratze jaso berriaren ametsa lapurtzen

 Eta goizaldearen kamisoi hutsa

 Belar ferdean obo da.

 Neskaren bilustasuna maindire artean

 Dantza eta dantza ilargiaren haiduru edo

 Ilargiaren ohoretan.

 Maindireak gorpuzņoa estaltzen alditan,

 Alditan, bilusten gorpuzņoa maindireak.

 Bularrak xuri, xuri maindirea,

 Liho haragiaren baltsa belazean.

 

 Uda hartan, txilar koloreko matrailez

 mozorrotu zen ilargia, uda hartan.

 Eta uranditako kresal orok ez zituen

 bere ezpain harabartuak iharrosi.

 Mozorrotu zen aidanean,

 geltoki zahar desolatuetako erlujo geldituaz *

 eta esfera beztuan herioaren aurpegia

 ikus zitekeela hotsegiten zuen izuak hartua

 maleta eramaile hordiak, uda hartan,

 bigarren espaloieko banku berdean jarria.

 Mozorrotu zen, finean,

 eskaratze ttipiko zutikako kolgadorez

 non bilustasun iluna eskegita ageri den goizaldero.

 Eta liho fineko maindirez

 eta lore laranjetako sobrekamaz

 eta sapai bajuegiko igeltsoz eta...

 Uda hartan jakin zuen ilargiak, neskaren berri.

 

 * geltoki desolatuetan ezin ibili erlojurik.

 

 Bekaiz zezakeen neskak

 mendi muinoko urki bakartia ortzi mugan

 zeina gauero xuriz jazten duen ilargiak

 zirri ezkutuetara jolastu aurrean.

 Bekaiz zezakeen eman dezagun,

 teilatu ubelen soslai fina hiriko goiz txintan

 bere mugetatik zehar ihes egiten bait du

 amorante beteak —lapur beltzen gisara—

 leun gozatu ondoren bere leiho irekia

 Baina gehien bekaizten duena ausaz

 ez dateke urkia, ez teilatua edo leiho irekia ezpada

 egun argiz ibilitako bide ezkutu arraia.

 

 


inprimatu