inprimatu
Urtarrilak 5
Izenburua:
Urtarrilak 5
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):


Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1993
Argitalpenaren urtea:
Alea:
31.zk.
Orrialdea:
21

urtarrilak 5

 

 Tirohotsak kanpoaldean. Bapatean, ezkerreko besora begiratu eta bertako zauri

 batetik odola ateratzen zaidala ikusi dut. Ura hartzeko erabili ohi dugun

 putzura inguratu naiz zauria sendatu asmoz, baina ura eskuetan hartu orduko

 konturatu naiz odolez gainezka dagoela arestian ur freskoz mukuru zen putzu

 hura. Nire inguruko soldaduek haien lepoak ebakitzen ari dira bizarra mozteko

 labanez. Erotu ote dira? Sarjentuarengana gerturatu naiz gertatzen ari denaren

 berri emateko eta bere galoi gorriek itsutu naute. Kopakada bat odol eskaini

 dit gure garaipenaren ospatzeko. Penaren garaia bai, garaipena.

         Kanpin denda gorrietan bandera gorriegi bana jarri dute eta haizeak

 azufrezko partikulak dakartza. Norbaitek hegabera bat ehizatu du eta bere

 odolak zikintzen du elurra, zauri zuriak pattarrez tindatuz. Izerdi patsetan,

 ispiluan begiratu dut neure aurpegia eta begiak gorriak ditudala ohartu naiz.

 Zainetan odola sentitzeak ere nazka eman dit zorabio okazgarrian. Basora ihes

 egin dut korrika, zuhaitz gorrietarantz. Eskuak gorritu egin zaizkit hotzaz.

 DESERTORE GORRIA EROTU AL HAIZ entzun dut bapatean eta tiro bota dit norbaitek.

 Sarjentuaren bota gorriek aurkitu naute. Nire odol arrastoari segituko zion.

         Hegaberak ihesean pasatzean, baziren oraindik bi era soldadu bat

 irudikatzeko: bata bizirik, bestea...

         Arratsaren lotsazko masail mingarriek erditzen zuten gaua, dinamita

 odoltsua ereinez negu gorriko zeru muga gorrienetan. Amodioa ere gorria ei da.

 

Amodioaz nahi nuke

 

 ERLOJUA gelditu nahi nuke

 zure bihotza irentsi nahi nuke

 mundua eskuetan hartu,

 biraka jarri

 eta ostikadak eman

 mila zatitan deuseztu arte

 

 Berriro hasi nahi nuke

 Beste aukera bat nahi nuke

 mundua eskuetan hartu,

 biraka jarri

 eta ostikadak eman

 zati bakoitza

 mila zatitan deuseztu arte

 

 Berriro hasi nahi nuke

 Beste aukera bat nahi nuke

 zatiak eskuetan hartu

 eta

 amodioaz

 berriro mundua eraiki nahi nuke.

 

 


inprimatu