T.S. Eliot
I - HILEN EHORZKETA
Apirila da hilarik krudelena, lur hileko
lilak hazten, oroimena eta desira
nahasten, sustrai uherrak
udaberriko euriez eragiten.
Neguak bero mantentzen gintuen, lurra
elur ahanzkorrez estaltzen, bizitza puska bat
tuberkulu eiharrez elikatzen.
Udak ustegabean atzeman gintuen, Starnbergerseegainetik
zaparradarekin batera ailegaturik; arkupetan geratu ginen.
10 eta eguzkiaren argia iarraitu genuen, Hofgarten-eraino,
eta kafea hartu eta solasetan aritu ginen aldi batez.
Bin gar keine Russin, stamm'aus Litauen, echt deutsch.
Eta haur ginela, artxidukearekin geundela,
ene lehengusuak trineoan atera ninduen
eta beldurra izan nuen. Marie, Marie
oratu ezan ondo, esan zuen berak. Eta hara han bagoazela.
Mendietan, aske senditzen duzu zeure burua.
Nik irakurri egiten dut, gauean aldi batez, eta neguan hegoaldera noa.
Zeintzu dira atxekitzen diren sustraiak, zer kimu sortzen
20 da harrizko zarama honetatik? Ezin dezakezu
gizasemea, erran, ez asmatu, eguzkiak dirdirarazten ditueneko
irudi hautsi andana ezagutzen bait duzu soilik,
eta ez bait du zuhaitz hilak babesik ematen, ez kilkirrak atseginik,
ez bait du harri lehorrak ere ur hotsik ematen. Arroka
gorri honen azpian bakarrik dago itzalik
(sar zaitez arroka gorri honen itzalpera),
eta gauza desberdin bat erakutsiren dizut, bai
goizez zure atzean doan zure itzalari buruz,
bai arratsaldez zure xerka altzatzen den zeure itzalari buruz;
30 hauts eskukada batetan erakutsiren dizut beldurra.
Frisch weth der Wind
Der Heimat zu
Mein Irisch Kind
Wo weilest du?
"Duela urtebete eman zenizkidan lehendabizikotz hyazinthoak,
hyazinthoen neskatila izendatu ninduten"
Baina hyazinthoen lorategitik itzuli zinenean, berandu,
zure beso beteak eta zure adats bustiak, ezin nintekeen
mintzatu eta oker nituen begiak, ez nengoen
40 ez bizirik ez hilik, ez nekien ezer,
argiaren bihotzera beharturik, isiltasuna.
Oed' und leer das Meer.
Madame Sosostrisigarle ospetsuak
marfundi handi bat zuen, halabaina
ezaguna da Europako emakumerik jakintsuenetarikotzat,
bere karta bihurriekin. Hemen dago zure karta,
esan zuen, geniziar marinel itoa,
(perlak dira behialako bere begi hauk. Begira!).
Hemen dago Beladonna, Herrien Anderea,
50 egoeretako dama.
Hemen dago Hiru Bastoen Gizona, eta hemen Gurpila,
eta hemen merkatari betokerra, eta zuri dagoen
karta hau, berak sorbaldan daraman zerbait da,
ez zait zilegi ikustea. Ez dut
Gizon Urkatua aurkitzen. Uretango heriotza, gaia.
Jendetza handiak ikusten ditut, zirkulu batetan biraka.
Eskerrik asko. Gure Mrs. Equitonemaitea ikusten baduzu
esaiozu neuk eramango diodala horoskopoa:
garai hautan arreta handiz ibili behar da.
60 Ziutate irreala,
negu egunsenti bateko behelaino arrearen azpian,
jendetza handi bat zihoan Londreseko Zubian zehar, hainbeste,
ez nuen uste heriotzak hainbeste ezabatu zitukeenik.
Hats labur eta maiztasun gutikoak iaurtitzen ziren,
eta bakoitzak irmo zeramazkien begiak oinen aurrean.
Maldan gora zihoazten eta, behera King William Street,
non Andere Maria Woolnothek ematen bait zituen orenak
hots hilez bederatziretako azken kanpaina.
Han ezagun bat ikusi eta geldiarazi nuen, oihuka: "Stetson!
70 Zu, Maylae-n itsasontzietan nirekin zeudena!
Zure lorategian iaz landatu zenuen hilotz hori,
hasi al da kimutzen? Aurten loratuko ote da?
Ala izotz goiztiarrak hondatu dio ohantzea?
Ah! atxekiezazu hemendik hurrun zakurra, gizasemearen adiskidea bait
da,
edo hatzaparrez desehortziren du berriz ere!
Zu! hypocrite lecteur! mon semblable, mon frère!"
The Waste Land
Euskaratzaile: Joseba Sarrionandia
OHARRAK (T.S. Eliot)
20. (puntuan) Cf. EzekielII, 1.
23. Cf. EklesiastésXI I, 5.
31. V. Tristán e Isolda I, vv. 5-8.
42. Id.III, v. 24.
46. Ez dut zehazki ezagutzen Tarot-eko kartak zelan osotzen diren, eta
aldendu egin naiz, bidenabar, haietatik ene komenentzietara egokitzeko.
Kartasorta tradizionaleko Gizon Urkatua modu bitara egokitzen da ene xedeetara:
ene gogoan Frazer-en Iainko Urkatuari loturik agertzen delako eta V. Atalean
Emaus-eko dizipuluen pasarteko irudi kaperatuari loturik ematen dudalako.
Feniziar Marinela eta Merkataria agertzen dira geroago; "jendetza handiak" eta
"Uretango heriotza" gaiek ere beren lekua dute IV. Atalean. Hiru Bastoen Gizona
(Tarot kartasortako benetako partaidea) Errege Arrantzaleari berari lotutzat
ematen dut, nahiera samar.
60. Cf. Baudelaire:
Fourmillante cité, cité plelne de rêves,
Oú le spectre en plein jour raccroche le passant.
63. Cf. Inferno III, 55-57:
si lunga tratta
di gente, ch'io non averei creduto
che morte tanta n'avesse disfatta.
(hain lilara luzean
jendea, ezen ez bait nukeen uste izanen
heriotzak hainbeste ezabatu zitukeenik)
64. Cf. Inferno IV, 25-27:
Quivi, secondo che per ascoltare,
non avea pianto mai che di sospiri
che l'aura eterna facevan tremare.
(Hemen, entzuten zenaren arauera,
ez zegoen zotinez beste nigarmenik
baina aide eternala ikararazten zuten)
68. Sarritan so egin dudan gauza.
74. Cf. Webster-en Deabru Zuriadelako liburuko Endetxa.
76. V. Baudelaire, Les Fleurs du Maldelakoaren hitzaurrea.