Argia'ren irratsayoa
Zugasti
Asteroko bat bada Donosti'n
Eder txukun ta garbia
Euskalerrian txit ezaguna
Bere izenez ARGIA.
Bildurrik eta lotsarik gabe
Esan oi digu egia.
Jaungoikoa ta euskera aldez
Lanean berdin gabia.
Amaika urte munduan dala,
Apalik jayo ta azia,
Amaika bider ikusi degu
Euskera garbiz jantzia.
Eusko errian apurka apurka
Zabaldu duan azia
Erne-mindurik ugaldu da-ta
Ez da ondatu guzia.
Euskalerrian erlijio ta
Oitura onen zaindari
Gogor iraun du beti, zintzoro
Lotua bere lanari.
Eleiz Amaren erakutsiak
Nai ditun kristau onari
Eman ARGIA: billatuko du
Zer ikasia ugari.
Euskera eder zoragarria
Izkuntza garbi kutuna
Bakar-bakarrik izan du beti
ARGIA'k jantzi txukuna.
ARGIA'k urrun uxatu dio
Euskerari gau illuna
Euskera aldez lanean errez
ARGIA da txapelduna.
Erletxuaren janari-leku
Zelai ertzeko lilia...
Txoriarentzat atsegin-txoko
Zugaitz gaņean kabia...
Arrayak bere jolas-lekua,
Itxaso-kresal gazia...
Euskotarrentzat ori ta geigo
Iganderoko ARGIA.
Jaungoikozale ta euskaldun on
Biotz-biotzez bagera
Lagun dayogun, bere bidean
Jarraitu dezan aurrera.
Geroz geyago zabaldu bedi
Indartu dedin euskera
Jaungoikoa ta euskera aldez
Goazen ARGIA'z batera.
Agur guztioi, beste bat arte
Euskaldun maite zintzoak,
Nere onekin dute azkena
Gaurkoan nere bertsoak.
Naiz guk ez entzun, jo bero-bero,
Jo ARGIA'ri txaloak
Gaizki esanak barkatu eta
Gabon guztioi Jainkoak.