Ez sinetsizko antzerkia
Zamora, Auxtin (Auxtin)
1
Egun da ihauteri eguna
Farzuntzien besta haundiena
Ezin sinetsizko antzerkia
Huna, huna, gure gain guzia.
2
Beharri motzak eta satorrak
Zakur etikak eta otsoak
Hauzo herritik denak ihesi
Etxean sartu dira nagusi.
3
Larderiaka mehatxaturik
Ginituen guziak kendurik
Beztitu gaituzte apo-larruz
Mamuen artean gauden mamuz.
4
Eman daukute buruzagitzat:
Itsusi, pu, zikin aker tzar bat!
Ez deus bat akerraren uzkerra
Bakarrik usaina du sobera.
5
Salan dabila zakur etika
Zaramatikatuz marrumaka:
«Nahi baduzue «txitxi» bihar
Mintza gu bezala «Le Zanpanzar»
6
Ganbaran ezko buztana erre
Sukalde erdian akelarre
Pujes! Beharr'motzen sorgina
Zuhaindor, diruen erregina!
7
Aita, ama,
Nola soporta satorrak irriz
Otxanda beltzak iduri xuriz,
Atzo egin baginu ate bat
Ez ziren ez sartuko etxerat.
8
Aita, ama,
Orai, orai ote dugu funtsik
Ez, gure muinetan axolarik
Basabere horien hezteko
Edo minik gabe haizatzeko?
9
Euskararen jabetasunaren «atea»
Beren haurren baitan,
Ezin «egin» ahal izan duten,
Lehengo eta oraiko euskaldun aita
eta ama guzieri.