Loiola irratia lehen, orain eta gero
Zaldubi
Luma harturik bertsoak jartzen
hasiko naiz bero-bero,
goratuz LOIOLA IRRATIA:
LEHEN, ORAIN, ETA GERO;
Festa giroa edonoiz dauka
trikiti eta pandero,
gertakizunen bat baldin bada,
han izango da saltsero,
hitz gozo franko, berri ugari,
eta kirolak astero,
gehituz bezeroz-bezero,
ez zen besterik espero...
sortu zenetik gogor dihardu
lan eginez egunero,
txalo ederrak merezi ditu
Irratiak honezkero!
Baimena lortzen Donostiako
Gotzaiak harturik parte,
martxan jarri zen erlijioa
zela bere estandarte,
baina geroztik heldu zaizkio
makinatxo bat aldarte,
neurrigabeko lana heurentzat,
guretzat nahiko txolarte,
Abenduaren hamazazpian
horra HOGEITABOST URTE,
sargori eta elurte,
uholde eta lehorte,
Irratien ondek etxera
zure mintzoa dakarte,
eta horrela jarrai ezazu
gu bizi garen bitarte.
Lehendabiziko bost urteetan
eduki zuen arreta,
jende gazteak lan egiteko
edukitzen bait du seta,
ta Gobernuak hura ikusiz,
aurkitzen zen hain erreta,
agindu batez itxi bait zuen
kantatuz bere hileta,
baina Herria, itxura denez,
lotan ez zegoen eta
gogor jo zuen tronpeta,
bilduz pezetaz pezeta,
eta berriro martxan jarri zen
ideia berriz beteta,
azpijokoan dabiltzan denek
porrot egiten duteta.
Bost mila sendi bazkide bildu
eta emanik bizitza,
Arregi zela zuzendaria
berriro antenan hitza,
landuagoa eskeini zuen
garai hartako plangintza,
ta bederatzi garren urtean
aldaketa bat bortitza:
Donostiako Herri Irratiz
batuz egin zen bikoitza,
sendoagotuz ekintza,
baita ugalduz emaitza,
eta geroztik bi Irratiak
harremanetan dabiltza;
elkar lanean indar berrituz
frutu onak eman bitza!
Bi Irratien zuzendaria
genuen Juan Lekuona,
baina legea ez zen betetzen,
batzurentzat ez zen ona,
sei hilabetez bakar-bakarrik
luzatu zen zoriona,
konturaturik abertzaleen
usain bera zeriona,
zigor bezala agindu latz bat
jauzi zen balitz azkona:
Isiltzeko bere sona,
ken arazteko ziona,
baina Loiola Irratia da
irrati bat guztiona,
eta loturak jarraitu zuen
sendoa eta sakona.
Nahiz eta goiko zigorragatik
zuzendaritzatik kendu,
jokaeraren aldaketarik
gero ez zen nabarmendu,
Euskal Herriak duen hizkuntza
nahi zuen sendo mantendu,
euskara ahul, baina maiteaz
ez zen batere atzendu,
ta HOGEITALAU ORDU EUSKARAZ
lehengoz antolatzen du:
Herri zahar bat da zimendu,
ta hizkuntza bere mendu,
beraz nahi zuen beheko zulotik
gailurreraino zuzendu,
eta zituen traba gaiztoak
Irrati bidez gailendu.
Hirurogeita hamazazpian
ta Ekainean gainera,
hamaika garren eguna zela
denak joanik ohera,
jarri zioten lehergailu batek
suntsitu zuen lurrera,
eta guztiek egiten zuten
egilearen galdera,
'Batallon Vasco Espaņol' zela
eman zuten aditzera...
Hura zen hura galera,
hondamendia ber-bera,
baina hamabost bat egun barru
ekin zioten aurrera,
eta garaile baten antzera
egin zitzaion harrera.
Alfer samarrik ezarri zion
Frankismoak zapalkuntza,
zigorrak sarri izanagatik
jo zuelako goruntza,
agertu zuen Euskara zela
Euskal Herriaren funtsa,
egunez egun lana eginez
eskeini zion laguntza,
Irratiaren mintzo gozoa
ez zen berriketa hutsa,
baizik bultza eta bultza,
egiten du iraultza,
Erdaldun diren Irratiekin
nabarmendu du maisutza,
beti frogatuz Euskara dela
Euskal Herriko hizkuntza.
Ederki asko jarraitu ditut
Irratiaren pausoak,
bere ondoan pasatuz une
triste eta erosoak,
Atxukarroren xelebrekeriz
eginaz barre gozoak,
ta Joxe Mari Iriondokin
ostiralero bertsoak,
eta hargatik lotu ninduen
bertsogintzaren lazoak,
doinu eztiz erasoak,
uste gabean jasoak,
eta ezingoluke eskertu
nire bizitza osoak,
barne muinetan ditudalako
bertso aire setosoak.
Santutegiko ezker aldean
katakunbaren antzera,
kasik lurpean ezkutaturik,
oraindik bizi al zera?
Baina halere gurekin zatoz
egunero bazkaltzera,
Euskara eta jatortasuna
Gipuzkoan zabaltzera,
fedea irmo sendotu eta
umorea ugaltzera,
menditik itsa ertzera,
basotik kale beltzera,
Arrasatetik Urolaraino,
Elbarretik Zarautzera,
gonbidaturik etortzen zara
euskaldun denen etxera.
Orain artean ez ditu izan
sekula une lasaiak,
lanean gogor saiatu behar
nahiz ta aldatu garaiak,
inoiz agertuz hiletak eta
askotan une alaiak,
kontakizunak, diska ederrak,
edo bestela ezbaiak,
goxotasunez argi ta garbi
hitz jariozko ibaiak,
nola edonongo jaiak,
hala Herriaren nahiak,
Herriarekin ezkondu eta
bizi den andre alaiak,
pozez gainezka betetzen ditu
gaur zilarrezko eztaiak!
Euskararekin konpromisoa
ez du bete ozta-ozta,
bere eskeintza du ehuneko
hirurogeitamabosta,
nahiko genduke bete dezala
orain falta zaion koska,
eta Euskara duen Herrian
Euskaldun dadila josta,
leial zerbituz mendi arteko
herri, Urola ta kosta;
pozak kosta ala kosta,
ez dezala egin ospa,
Urrezkoena ere ondoren
denok nahi genduke ospa:
JARRAI AURRERA GAUR BEZELAXE
URTE HOBEAK DATOZTA.