Langabeziaz
Zaldubi
Langabezia etorri zaigu
eta ez nola nahikua,
hementxen gaude lanikan gabe
eta berdintsu dirua,
udaberrian zori txarrean
entzun baihuen kukua,
uste gabean entzun nuenda
hutsik nuen poltsikua.
Ez dakit gure mendietako
kukuak duen errua
edo Madrildik etorritako
zapalkuntzaren frutua;
diru guztia eraman eta
Suizan dago sartua,
dirurik gabe lanik ez dago
nahiz eta euki gogua.
Goizean jeiki eta lehenik
lantegira joaten gara,
gure asmoa beti izan da
bizimodua atera,
eguna joan da eguna etorri
eginaz beti gauz bera
hamaika urte pasa ditugu
ta orain goaz kalera.
Aspaldi honetan lantegi baten
pasa dut neure bizitza
gauez sarturik ta gauez irten.
lana zen gure emaitza,
lana izan da nekearen truk
gure bizitzaren giltza,
gaur egunean ez dugulako
dirurik gabe gabiltza.
Lana gutxitu zaigu benetan
ez badator azkena,
hainbeste urte hemen pasata
honek ematen dit pena:
ehun langile bagara bainan
itxi egin behar dena,
Jaungoikuaren laguntzarekin
lortuko al dugu jatena...
Ezkondu gabe daudenak behintzat
ez daude beraz hain gazki,
sasoia eta osasunetik
badute gazteek aski,
farranda gutti eginaz pasa
eta utzi zenbait janzki,
lan hau ezean beste lanen bat
izanen dute hoik noski.
Ezkondu denak sendia eta
bera behar du mantendu,
hamaika bider galdetuko du
zergatikan zen ezkondu,
zeme-alabak egin ondoren
lana bakarrik egin du,
ta orain gabe gelditu eta
ez dauka zeinek lagundu.
Langabezi hau etorri data
ez dakit non arraiotik,
kapitalistek ekartzen dute
lana diruarengatik,
beren dirua larritzen bada
ezkutatuaz aurretik,
nagusi jaunak beti izaten du
ogeitamaika eskutik.
Urte onetan inork ez daki
diruak nora zihoazen,
ateratako altxorra non den
aztertu nahian goazen
nerea flaku egongo data
nagusiarena gizen,
nik pisorik ez, berak txaleta
urte onak izan baizen.
Urte onenak joan egin dira
eta orain gaude larri,
lana eginaz jardun ezkero
il bukaera pozgarri,
gaur egunean ila pasata
gelditzen gara egarri
dirurikan ez dagoelako
etxera ezin ekarri.
Aurtengo urtea badoa eta
atzetik dator bestea
neurririk hartu ez dugulako
desesperantzaz betea,
krisis hau dela itxiko zaigu
lantegiako atea,
lanikan gabe gelditu arren
nahi dut lana egitea.
Gabonak ere gainean dira
eta laster Urteberri;
lanikan gabe ikusten ditut
badagola zenbait herri,
eskatzen diot ekialdeko
Erregeren izar horri
alde honetarantz zuzen dadila
daitezen hoik etorri.