Kaleko zakurra
Zaldubi
Kalean zehar zakurra,
bilatu nahirik hezurra,
egun guztian usainka dabil
luzatuz muturra,
oso fina du sudurra,
ahotik behera adurra,
nagusi baten menpean doa
ta buru makurra.
Hor doa arnas hestuka,
askatasunik ez dauka,
noiz-nahi aldegin ta ugazaba
laister du ohiuka,
asmorik ezin du buka,
ezta egin ere zaunka,
kate motzean loturik dauka
ez dadin burruka.
Kalean da egunero,
bazter guztitan saltsero,
eta aurrera hau aldatzerik
nik ez dut espero,
montatuz nahiko numero,
hola behar honezkero,
baina ikusiz ni gelditzen naiz
sarri odolbero.
Kale erdian indarka,
laister egiten du kaka,
zikinkeria hori inolaz
ez nezake barka,
atzetik doanak taka,
hor non sartzen duen hanka
eta ondoren ezin garbituz
dabil arrastaka.
Hanka pausoz seņalea,
ez dago garbi kalea,
nabarmena da zakur hau dela
benetan jalea,
aze nolako alea,
beti zerbaiten zalea,
zakur eme bat altan egonik
ez da logalea.
Tente jarriaz buztana,
parte hartzen du afana,
beste zakurren aurka agertuz
berak daramana,
gogoz egiten du lana,
bilduz emearengana,
ta berehala erantsiko du
kriston karabana.
Irri, salto, ta jolasa,
hestua dauka arnasa,
gaur ere honek horren atzetik
seguru gaupasa,
nagusia ez da lasa,
zakur hau baita demasa,
arra bete bat haundiagoa
jotzeko kapaza.
Txorta jo eta etxera,
ez da gelditu atzera,
eta goizean goserik dator
eskale antzera,
dagoena usaintzera,
ta gosaria hartzera,
baina ondoren bidaltzen dute
atea zaintzera.
|