Hondartzan
Zaldubi
Bertzo batzuek jartzera noa
hondartzan dagon giroaz,
baina ez pentsa hai naizenik
inor mintzeko asmoaz,
burutazio batzuk baditut,
han aurkitzen den eroaz,
gezurra dela badirudizu
bihar ikustera zoaz.
Joan baino lehen entzun behar da
eguraldiaren gizona,
ea nolako zerua dugun
itsas aldean dagona,
uda partean hain ona bait da
hondartzako zoriona,
Jainko maitea egin ezazu
aurten eguraldi ona.
Hondartzaraino hurbildu ginen
eta han zegoen festa...!
Osasunantzat ona omen da,
baino oso ona ez da,
jende andana asmo berakin
eta ezin ezer eska,
aparkatzea ere kosta zait
gutxienez mila pezta.
Ez da merkea eguzkipean
koloretzea azala,
diru kentzaile ugari dago
iaio eta zerbitzala,
iritsi ginen hondartzaraino
nekez nola edo hala,
tresnez beteta lana eginaz
asto bat banintz bezala.
Erdi biluzik toballan etzan
eta eguzkiz belztera,
epeltasuna gorputz guztian
zu konturatzen al zera?
Baina azkenik dena kizkaldu
ganba errean antzera,
sufrimenturik ez dut maite ta
ez naiz joango ostera
Bizkarra sutan zeharo erre
ta ezin kendu beroak,
Bizkaiko zerri hura bezala
erreminez panderoak,
hain gozoa zen hasera hartan
ezin pentsatu geroak,
egun luzetan ibili nintzen
deitu nahirik bonberoak.
Tripa goraka gozoenean
eta kolpean baloia,
bere biziko zartada batez
norbaitek badu sasoia,
gorputz guztia harez beteta
hala ere arrazoia
ia berdintsu jasotzen dute
maldizio ta sermoia.
Hondartza hortan pasatakoak
denak ez dira arinak,
modan dago ta haruntz joateko
baditugu ahaleginak,
agian ona izango dugu
garbitzeko giltxurrinak,
makina jendek uzten bait ditu
aste suztiko zikinak.
Alperkerian aspertu eta
uretara freskatzeko
hanka punttakin berotasuna
nola duen neurtzeko,
luzatu nuen beldur handiaz
zelati baten antzeko,
ur fresko hori komeni bait da
berotasunak kentzeko.
Eta kolpean burutu nuen
uretaraino jauzia,
sartutakoan kolpe handiaz
biraka buru guzia
zerbait gogorra jo nuen eta
egin zauri itxusia,
ustegabean ia betiko
han utzi nuen bizia