Haritz zahar baten gogoetak
Zaldubi
1
Haize gorriak eragin eta
izan nintzen erauzia,
amarengandik askatu eta
bihurturikan hazia,
ezkur modura oihan erdian
banuen zer ikasia,
berehalaxe lur ta hostoez
geraturik nahasia,
Udaberriko euzki printzetan
soina neukan itsatsia,
banuen irabazia,
zuhaitz izaten hasia,
gero bizirik irauteko
izan dut hemen grazia,
nire oinetan ugaldu arren
lurruntza eta sasia.
2
Jaio orduan somatu nuen
nire amaren geriza,
eta lurpetik atera nintzen
aihen ergel baten gisa,
Udaberriko epelarekin
alaituz aurpegi hitsa,
begietatik sortu zitzaidan
hosto berdeen emaitza,
nire soinean laguntzen nuen
egun sentiaren ihintza,
txoriak kantuan mintza,
alaitu nahirik bizitza,
Udaberrian oihan erdian
ezagutu nuen ditxa,
Zorionaren lekuko bait da
gure mendiko haritza.
3
Udaberrian esnatu zena
ez nintzen izan bakarra,
nonbait eguzki izpiek dute
gu esnatzeko indarra,
hostoak zabal ipini eta
egiten nuen hausnarra,
txoriak berriz zuhaitzik zuhaitz
kantua ta deihadarra,
jolas ta dantza egin ondoren
kabia egin beharra,
bilduz txotx eta abarra,
bikotea zen azkarra,
nire eskutan ama egin zen
txantxangorri goiztiarra,
lau txorikume indartsurekin
ziurtatuaz biharra.
4
Modu horretan ugaldu ziren
zozoa ta kaxkabeltza,
txonta, okila, ontza, arrano,
zapelaitza ta txepetxa,
birigarroak ta txolarreak
burutu zuten ametsa,
neure horritan eskeintzen nien
txori guztiei babesa,
txio ta kanta pozez gozatzen
benetan ez zen nekeza,
hurbiltzen hain zen erreza,
eta hain zaila ihesa,
bakardadean aurkitu arren
ezin nintekeen kexa,
arau onena jarraitzen du-ta
Naturak erakuts beza.
5
Udara ere iritsi eta
dena genuen loretan,
eta erleak ibiltzen ziren
nektarren bila hauetan,
ezti gozoa egin zezaten
nire enbor hontan bertan,
ez dakit zenbat joan etorri
«run-run»ezko bidaietan,
neguko egun latzetarako
eztia bildu ustetan,
lan egiten zuten setan,
ihardun gabe berriketan,
egun beteko lana eginez
harrigarria benetan!
Eredu on bat adieraziz
egindako ekintzetan.
6
Eguzkiaren indar berriak
loratu zuen sahatsa,
ta jantzi zuen edertasunez
Euskal Herriko baratza:
irusta, kardo, aingeru belar
eta marrubi makatza,
Naturak beti daramalako
Izadiaren ardatza,
haizearekin batera denek
egiten zuten balantza,
harantza eta honantza,
edertasuna hor datza,
diren kolore guztietatik
beterik zuten belartza,
era horretan egi bihurtuz
geroaren esperantza.
7
Natura sendo aurkitu arren
bazetorren Udazkena,
lore zirenak igaliz bete
ta gero heltzen direna,
haziak erruz aurkitzen ziren,
emaitzez beteta dena,
baina ostoak horitu eta
triste zeukaten barrena,
hil kanpaiaren hotsa zabalduz
oihan guztian barrena,
bazetorkion errena,
neke latza zekarrena,
aro berri bat hasi zen eta
izanagaitik txarrena,
ezinbestean garai hau dugu
guztiz beharrezkoena.
8
Eta ondoren heldu zitzaigun
negu boltza eta hotza,
apenas inon entzuten nuen
txoriñoen kantu hotsa,
gau luze eta izartsuetan
egiten zuen izotza,
hosto guztiak erori eta
biluzik nedukan lotsa,
oihan erdian aurkitzen nintzen
ustekabean arrotza,
erasoaren morrontza,
hutsa izan balitz motza...
mendi gailurrak elurrez zuri,
hurbil nuen heriotza,
baina halere guztion aurka
bizirik buen bihotza.
9
Elurra urtuz desagertu zen
mendiko maindire fina,
errekastoak ur jauzietan
zerion bidai arina,
erabat garden eta jostari
zilarrezko imagina,
mila bitxitan isladatuaz
milaka puska egina,
jainkosa baten bizilekuko
Paradisuaren dina,
zarata hots atsegina,
askorentzat utz ezina,
ezaguturik erakartzeko
lilura duen sorgina,
bere kantuaz kendu zitzaidan
bakardadearen mina.
10
Errekastoek elkartu eta
osatzen dute ibaia,
mendietatik itsasorantza
eginez lasai bidaia,
gazte nintzela ura zeraman
garbia eta alaia,
non nahi ikusten nuen jauzika
aingira eta amurraia,
gaur egunean kutsatu eta
zikina eta usaia,
darama metalen saia,
gainera kimika gaia,
arrai guztiak tripa goraka
eta usteldu erraia,
fabrika batzuk direla eta
hurbildu zaio amaia.
11
Aurrerapenak pauso berriak
dakartza oihan zabarrean,
haritzak ere bakandu gara,
ez dut bat ere aurrean,
pinu beltzaren plaga sartu da
lehen gurea zen lurrean,
pinua baizik ez da ikusten
urruti eta hurrean,
bere zomorro katearekin
kabia du paparrean,,
hain itxura zatarrean,
ia nauka negarrean,
diruagatik indarra dauka,
nik urteak bizkarrean,
ta bere mende aurkitzen naiz gaur
ia ito beharrean.
12
Kutsaduraren zikinak dauka
Izadi dena beteta,
eta haritzak ia galdurik
indarrik gabe gaude-ta,
baina Natura hola ikusiz
batzuk badute arreta:
haritz berriak sartzen dituzte,
baztertuz zenbaiten seta,
kutsatzen duen lantegiari
esijituz garbiketa
kutsaduraren salaketa,
eta bere konponketa,
hondatu gabe babesten dute
darabilkigun planeta,
eta hoiekin lan egina da
gure Joxe Legarreta.
|