Aberri Eguna
Zaldubi
Euskal Herriko bizilagunak,
ama on baten seme kuttunak,
garaiz gaudela ager ditzagun
desiatzen ditugunak, (bis)
ez bait gara gu zaldunak,
bakarrikan euskaldunak,
pentsatu datozkigunak,
baina halare ez dira izan
alferrikako ihardunak,
Udaberriro loratzen gaitu
gure Aberri egunak. (bis)
Ez dugu galdu daukagun baza,
oraindik ere dugu arnasa,
esku emanen guk ezin dugu
inolaz ere frakasa, (bis)
nola askatu mataza?
gu bakoitza geure kasa...
baina hau ez da jolasa,
Euskal Herria gaur ote dugu
Naziotako eskasa?
Nik ez dut uste ta susper zagun
Euskadin dugun arraza. (bis)
Euskal Herriak badu ahala,
eta horrela jarrai dezala,
Euskadi dugu Euskal Herria
maitatzen duen magala, (bis)
amak semea bezala,
begiratua apala,
baina bihotza zabala,
egun batetan aldatuko da
gure jarrera hutsala,
eta lortuko dugu azkenik
Soberani Nazionala. (bis)
Gure jarrera da mingarria,
batzuek goitik hor egarria,
marroiak eta berde ugarik
Euskal Herrian jarria (bis)
Madrileko uztarria,
Pariseko lokarria,
guri itomen larria,
baina oraindik ez dute lehertu
askatasun egarria,
gure herria maite duguta
hau da gure oinarria. (bis)
Oraintxe dugu gure aukera,
eta jarraitu denok aurrera,
elkar gaitezen denok lehenbaitlehen
esku emanan batera, (bis)
gure doaiak atera,
denok mahaiaren gainera,
ez da izango galera,
eta goazen gure herria
goi mailara jasotzera,
gure hizkuntza nazionaltzat
jarriaz gure euskera. (bis).
Entzun ezazu lagun mesedez,
ez gabiltza ta ustez aldrebes,
Euskal Herria menperatzeko
badute hainbat interes, (bis)
hoiek argi diotenez,
guri hondatzeko fedez,
eta gauza horren xedez,
jokatzen dute gau eta egun
bere jokabide trebez,
baina Euskadi aurrera doa,
gelditzea ez da errez. (bis)