Urrindik
Zaitegi, Yokin
Maite zaitudan ene Ama laztan ori!
Nere biotz-gogoa atsegin betean
Zuganantza dijoaz ta zure oroia
Nigan erabiltzea maitegarri zakit.
Zugandik, ene Ama, urrin, atzerrian
Bizi arren be, nere gogoa Zuregan
Oldozten arkitzen da. Zu-irudi maitea
Ludi zabal au zear biotzan daramat.
Txikia nintzanean ortz txuri-txikarrak
Irten baņo lenago, biotz ta gogoan
Zure edu antzekoak nitulako-edo
Zure eresi maiteak ots egin zidaten.
Ura eresi bigun, leun eta ederra!
Ta ia loak artzeko nengoanen, berriz,
Patxo gutun beroa luze ematekoan
"Enetxo, maite aut" esaten zenidan.
Arrezkero amaika bidar be-orriak
Pago gerri-zabalak aldatu ditue!
Zugandik, ene Ama, urrin, atzerrian,
Baņa nere gogoa Zuregan oldozten...
Oingoan, Ama, arpegiz ikusi nai zaitut!
Eta goiko donoki aberri maite oi
Nere biotz erdian euki daukadala
Zureganantza joan eta joan noa...
Zure abots eztien ots garbi-ozena
Berriz ere entzuten dedala batzutan
Biotzak esaten dit; baņa oraingoan
Len baņo motel eta ilunago dantzut.
Maite zaitudan ene Ama laztan ori!
Zure magal gozoan, goiz edo berandu,
Zure eresi maiteak berriz ere entzunaz
Eriotzaren loak, Ama!, artuko al nau!