Sorginei buruz kantuak
Zabala, Xanti
-1-
Sorginei buruz kantuak
jartzeko pentsamentuak
artuak ditut nola dioten
direla kontuak.
Gaurre badira puntuak
sorgin pizkorrez zainduak
esango nuke oiek direla
biurtu santuak.
-2-
Bateren batek esan du
sorgiņak biurtu saindu,
era ortako astakeria
nola nabarmendu;
baiņa susmo txarrak kendu
eta sorgiņei lagundu
beste kukuak joko liguke
egingo bagendu.
-3-
Ez nago burutik jota
ortikan ondo nago ta,
zuek bestela pentsatutzea
ez dio inporta;
nere gaurko bertso sorta
propio dijoa orta
ezken azkenen nork dun arrazoi
aurpegira bota.
-4-
Naparroako errixka
Urdax xarmantaren aizpa
Zugarramurdi txoko polita
sorgin lurra aiz ba,
igan euskera duk gaizka
gutxienean erdixka
ire sorgiņen akelarreak
on dituk aldizka.
-5-
Lenengoz or izandua
ez nago ez samindua
berriro era juango natzaio
orra agindua;
badaukagu zer ondua,
zer ikusi, zer landua,
ortxe euskeraz ikusia dut
alkate bandua.
-6-
Ez nuen iņon ikusi
eta ez dago itxusi,
Alkate jaunen banduak plazan
euskeraz ta guzi.
Arriturik nindun utzi
norma nork ote zun eutsi
baiņan sorgiņen kontua zela
zidan erakutsi.
-7-
Sorgin burugaz izketan
jardunik nago kezketan,
esaten zidan zer zabiltzate
elkarren kasketan,
zuek ibilli nasketan
etsai gaiztoen ospetan
eta sorgiņok guk jardun bear
errian ezketan.
-8-
Zirikerion ziriaz
eskatu diot sariez,
nere ospean akelarre bat
bere gudariaz,
sorgiņen sorginkeriaz
sorgin nazala zoriaz
Sorgiņen sorgin sorgindutzea
sorgin mirariez.
-9-
Esan zidan gerran gerrez
eta alperren alperrez
indarkeria indartua da
indarren indarrez
malizizko irri parrez
utzi ninduen dardarrez,
eta erratz bat anka artean
anka egin errez.
-10-
Beraz gauza ola dago
Jarraiko ote luzaro?
sorgin erriak ikusten ditut
aurreratuago,
denbora nola igaro
badakik sorgin pikaro
Orain sorgiņak badirala
ez al dago klaro?