Nere erria
Lexo
-I-
Milla beatzireun irurogeita
amabosgarrengo ustez,
alderdikeri gabe, errira,
begira jarri naiz ustez.
Pentsatzen nago, i ere Lezo,
ornitu aiz buruaustez;
urteak joan da "progresoaren"
akatsez edo birtutez.
-II-
Gu ume giņan, orduan ez zun,
gaur egunean dun antzik.
Orixe lasai esan diteke,
ortan ez dago zalantzik.
Gaur dagon jende erdirik ez zan,
ezta-re gaurko izkuntzik.
O ontziņako erri maitea,
nere partetik goraintzik.
-III-
Zenbaitek dio komeni dela
aunditutzea erria.
Esan diteke uste dutela
ote den dena urria.
Baiņa orretan bakarrik badu
bere gose egarria.
Muiņik gabeko aunditze ori
gauza urrikalgarria.
-IV-
Kanpotik onuntz etorri eta
ogibidean jarriak.
Lanez ornitu eta eskeiņi
etxebizitza erriak.
Ori guzia egin duk, Lezo:
eta landare berriak
izango dituk geientsuenak
etsai ikaragarriak.
-V-
Jakin bear duk au esatean
zertaz naizen gogoratzen.
Kristoren itzak izango dituk,
ni ez banauk deskuidatzen:
esaten zian bi jaun serbitzen
iņork ez zula asmatzen;
Nerekin biltzen ez duen arek
nere aurka du zabaltzen.
-VI -
Jarri zazute krabelin edo
larrosa ontzi batean.
Iraun dezake iņork laguntza
egiten dion artean.
Naiz ta ez jardun beraren aurka
amorru bete betean,
igartuko da ardura gabe
uzten bazaio pakean.
-VII-
Ez da prezixo, beraz, errian
aurka ziņez jokatzea,
Bestela ere etorri leike
erriaren ondatzea.
Aski da gure oiturak eta
izkuntza ez maitatzea.
Ortik aurrera bakarrik dator
erri gaixoa iltzea.
-VIII-
Zenbat fameli ote dituk or
ire babesa dutenak.
Nunbaitetikan etorri eta
gozoro igan daudenak.
Baiņa biotza erdibitzen duk,
nolatan ez lertu penak?
Ik bizileku emanagatik
i maitatzen ez autenak.
-IX-
Au ikusirik, nor ez da jartzen
biotz barrutik miņetan?
Ikusitzean gure izkuntza
zenbait jenderen oiņetan.
Jainkoak dakin tokitik datoz
ta sarri gure gaiņetan.
Au ez da iņon gertako baizik
Euskal Erriko sailletan.
-X-
Bateren batek pentsa dezake
geiegi naizela mintza.
Okerbidetik baldin banago
neuk jango dut nere itza.
Baiņa errexki ez da irtengo
gaur barruan dagon gaitza.
Naiago nuke askotaz ere
dexkuidatuko banintza.