Berri mingotzak dardar jarri du
Zabala, Xanti
-1-
Berri mingotzak dardar jarri du
goitik beraño Prantzia,
eta mundura zabaldu da an
igaro duten trantzia;
antz aundikoak, ene!
gertatu dira len-e
jarriaz negar-antsia,
besteak beste bereziki du
oraingoak garrantzia.
-2-
Lenen izan dan berri mingotza
aurtxo bat dute lapurtu,
ta gurasoak berealaxe
abixua dute artu;
ainbat diru «frankotan»
aurra biurtzekotan
ta zitezela oartu,
Bestela iñoiz geio etzala
egingo etxean sartu.
-3-
Geientxuenok ikusten gendun
gaizkillean irudia:
edadekoa, biziosoa,
maltzur txar eta aundia.
Diru ta odolzale,
kontzientzirik gabe,
gure juzkoen gurdia,
kolpez arrituz gelditu gera;
zantzu oik danak nun dia?
-4-
Irudipena ori izanda,
irudipena bakarra,
gure juzkoa gertatu baita
exkaxa eta baldarra;
gaizkillean jokera
oso azkarra bera,
utsa izan balitz zarra...
berak diona pentsatutzean
nabaitutzen det dardarra.
-5-
Amalau urte bakar bakarrak
omen ditu iltzalleak,
beste ume bat esan diteke,
tente jarriaz illeak;
Bere etxetik urbill
makilka omen du ill,
diote berri-emalleak,
eta orrekin zer egin bear
dute orain epailleak?
-6-
Jende askotxo biurtzen gera
iltzalleen epailari
esanaz: «au ta ori» egin bear
zaio orrelakoari.
Pusilla edo soka
ez al diogu opa
izan oneri berari?
aitortu bear geiegi dala
lotsaz geure buruari.
-7-
Berak aitortu dituan itzak
ez al dira gu mintzeko?
gizadiari erakutsiaz
kontuz, kontuz ibiltzeko.
Kontzientzitan txandan,
atea jo du; dan, dan,
kulpak gugana biltzeko,
berak il dula errurik gabe
ta bera ere iltzeko.
-8-
Maitasunaren paltan zegoan
mutilla izango zan au,
bere antzera ibilko dira
munduan iru edo lau.
txar asko, gutxi ona,
erakutsi zaiona;
bere gisa egun da gau,
gurasoaren berotasuna
bear zun garaian barau.
-9-
Zenbait gurasok eztu onartzen
ezkontzan artzen dan zama,
eta semeak azitze orrek
berez nekea darama.
Oso tristea baita
etxetik kanpo aita,
orra mutill onen «drama»!
beraren ordez maitaleakin
bizi omen zaio ama.
-10-
Bestalde, gure telebisio
zinea eta lekturak,
gogortasuna darabilkite
naiz eman otxan itxurak.
Tiroa ta burruka
nork lezake au uka?
erakusteko oiturak,
ilketa ortan parte eztegun
ni zulatutzen nau dudak.