Iru ispilluak
Antia, M.A.
Ines donzellachoak
Arro-aldi batean
Amari kartaz dio
Modu egokian:
Ispillucho bat arren,
Nola nai lukean,
Bereala ipintzeko
Bere apaiñteguian.
Amak biramonean
Bere lanen buru
Erantzuera zion
Onela bialdu:
Arkitzen baldiñ bazat
Bear anbat diru,
Or dituzu ispilluak
Ez bat, baizik iru.
Dizu azalduko aurrenak
Zu orain zer zeran,
Bigarrengoak gero
Zer isango geran,
Irugarrenak berriz
Ez daukat zer esan,
Donzella nolakoa
Beti izan bear dan.
Amaren eskut-itzak
Alaba du naztu,
Ekarriaz burura
Milla pensamentu;
Alaz guztaz ere
Ichedon bear du,
Ta pazienzia artzen
Lanik asko badu.
Iru egunen buruan
¡Zeiñ luzen joan ziren!
Kaja ondo ichi bat
Diote eramaten:
Artuta berarekiñ
Gelara da zartzen
Asiaz bereala
Presaka askatzen.
Lotura ongi bildu bat
Artzen du aurrena,
Irikitzean dio,
¡Au da nai nuena!
Ispillu bat chikia
Baña leyalena,
Bera zeiñ zan orduan
Agertzen zuena.
Gerri me, gorputz liraiñ
Grazi aundikoa,
Arpegi zuri gorri
Isur gabekoa;
Añ eder ikustean
Zan bezelakoa,
Ematen dio musu
Chit biotzekoa.
¡O Ama ona! dio
ispillua utzirik,
Bigarren loturako
Gauza ikusi nairik;
Kalabera soill soilla
Mami gabetanik
Gero zer izango zan
Arpegira emanik.
Alabak estamp-hura
Ozta du ikusten,
Amaren naya ere
Bai azkar somatzen;
Ispilluri ez bezela
Dio errreparatzen;
Begira ta begira.
Etzayo aspertzen.
Inesen choraldia
Irudi onekiñ
Amaren pozean da
Batetan desegiñ;
Irugarren lotura
(Zerbait kezkarekiñ)
Austen du, an gordea
Jakiñ zalearekiñ.
Seda orritartean
¡O zer poz aundia,
Arkitzen du Maria
Birjiña garbia;
¡Au da! deadarka dio
Nere giaria,
Jaunak jarraitutzeko
Didala grazia.
Ta belaunikaturik
Imajiñ aurrean,
¡Ama! esaten dio
Menetan jartzean
Uste oso osoa
Aren biotzean,
Gorde nazazu garbi
Zure babesean.
|