Lagun bati
Usabiaga, Mikel
(1)
Bizkaian dut nik lagun handi bat,
gizon oso jakituna.
Berari buruz egin nahi dut
bertsoetako iharduna,
gure bertsoen zabaltzailea
izaņik ANAITASUNA,
bion arteko eztabaida hau
izan dadin ezaguna.
(2)
Alde batetik euskaldun jator,
bestetik bertsolaria:
hauxe duzue berba guttitan
lagun honen agiria.
Euskara ondo jakin nahi du:
horixe du egarria.
Ikastoletan sarturik, honek
altxatuko du herria.
(3)
Bizkaiera txit ondo jakinik,
gipuzkera jakitera
etorri zaigu Gipuzkoara,
egunak igarotzera.
Zurgin bezala lana eginaz
du juxtu jana atera.
Beldur nauk, gero ikastolara
joan hintekeen lanera,
(4)
Ba dakik ikastolako lana
dela oso lan pisua:
igeri nahi duenarentzat
zabala duk itsasua.
Aizak, hi, Sebas! ikusten baduk
euskarak duen gaixua,
kolejiuak utzirik, izan
ikastolako maixua.
(5)
Ikastolako lehengo zenbait
hor ari duk aspertutzen,
eta ez zekik nolatan hasi
haurren bihotzak poztutzen.
Hiri, aitzitik, haurtxo guztiak
ari zaizkik agurtutzen.
Ez duk garbiro ikusten, mutil,
hi hautela eskatutzen?
(6)
Esaten duk hik, etsaia ere
behar dela aprobetxatu.
Baina malezia asko behar duk,
ez hazan bereganatu.
Jende askotxo zeukeagu, lehen
hori zaiona gertatu,
eta geroztik herri aldera
ez diradenak jiratu.
(7)
Holako joko politen baitan
ez zegok gure herria.
Une hauetan igarotzen dik
benetan nahiko jarria.
Izkututikan ikusten ziaiok
jakitunen egarria.
Benetan. Sebas, hi berarentzat
izanen haiz pozgarria.
(8)
Erantzunaren zain gelditzen nauk,
hemen Gipuzkoa aldean.
Bertsolaria haizenez gero,
erantzun zaidak aidean
Gauzak garbiro jarri ditzagun
euskaldunen aitzinean,
gure bertsoak abestu ditzan
bakoitzak bere etxean.