Egian alde, ordaiñak
Zabaleta, Juan
1
Guazen guazen,
oker edo zuzen,
arduaren bentajak
ikusi ditezen.
Gazte eta alai,
ona nun gatozen:
asi gaitean
basoak betetzen.
2
Ara, ara,
napar ardo zarra;
zuk kentzen diguzu
urdalleko arra:
illa piztutzeko
ba dezu indarra,
edan dezagun
bada zarra, zarra.
3
Ari, ari,
begira berari;
argi bat egon eta
ikusten dira bi:
aurrerapen ori
zor zayo arduari:
argatik gera
gu eraten ari.
4
Ona, ona,
gizon guziz ona,
ardotarako saldu
atsuaren gona:
jaia alegre ta
triste biyamona
baña etzaite
estutu, amona.
5
Bai, bai, ez, ez,
nere maite Kontzez,
berak irakasten du
Ingeles ta Prantzez:
Klin klon ta sibuplé
gauza itz utsez,
eta barrua
betetzen du putzez.
6
Ez, ez, bai, bai,
¡ai beti baliz jai!
ardoa eran era
bizitzeko alai:
ardoak egiten
gaitu danok anai,
ardo zaleok
gera berdiñ non nai.
7
Ama, ama,
¡orra gure fama!
alde guzietara
ardoak darama:
pobriak moskorra,
aberatsak broma,
disimulatzen
izaten da lana.
8
¡Ola! ¡ola!
¡ze arraye pola!
zuzenian eziñ juan
egiñaz arrola;
baten baztarra jo,
bestean arbola,
zutika eziñ
ibilli iñola.
9
Pian, pian,
etxera abian,
lau oñian bada ere
¡arren! juan gaitian:
gauza dana betor
ixillik gabian,
bestela geldi
dedilla maipian.
10
Orra, orra,
ardo aldikorra;
zurrut egin ta eman
diguzu moskorra:
or emen amillka
neurtuaz lurra,
kendu diguzu
sorgiñen bildurra.
11
Kontu, kontu,
ez gaitezen oitu;
ardo asko edaten
ez dakigun goitu:
bada ez du iñork
ardoa garaitu,
berak bai asko
azpiratu ditu.
12
Agur, agur,
luze ainbat labur;
ardo edan eta
sabela gur gur gur:
eta atzetikan
jariua pur, pur;
¡ai, zer usaia!
Agur, agur, agur.
|