Sorgiñkeriyak
Uranga, Juan Ignazio
Zer esanikan ez dakitala
Ez naiz oraindik arkitu,
Chorakerizko idurikorrak
Bear nituzke zatitu;
Asko badira begiyak ondo
Etzaizkatenak argitu,
Argatik nai det bear dan gaiyan
Sorgiñ kontua garbitu.
Asko lekutan izan oi dira
Sorgiñ diranak izenez,
Ta batez ere emakume zar
Bete diranak zimurrez;
Atso zar-aben eche aurretik
Pasa nai ezikan gaubez,
Arkitzen dira sasoi oneko
Emakumeak bildurrez.
Bada zergatik sinisten duten
Baldin galdetzen bazaiye,
Eranzuera arrazoizkorik
Iñoiz aditzen etzaiye;
Sorgiñkeriyai izugarrizko
Chinismen aundiya diye
Eta argatik gorputz guztira
Bildurra banatzen zaiye.
Iñozokeri oriyek orla
Ichuan sinisturikan,
Egon oi dira sukaldearen
Chokuan kuskurturikan;
Bada pedarra edo sulletan
Ez baldin bada urikan,
Eguna ondo argitu arte
Egoten dira utsikan.
Iñoiz geroko etorkizunaz
Zerbait jakin nai badute,
Atso gezurti oriyengana
Joan ta galdetzen diyote;
Gezurti oiyek preso sartzeko
Aginterikan banuke
Bear dan gisa garbitasuna
Aguro egingo nuke.
Makal antzean jartzen badira
Aurchoak zerbait etziñak,
Ama gaisoan esaerako
Ez daude tripako miñak;
Baldin buruki oiyan daudenak
Badira lumaz egiyak,
Esan oi dute an dabiltzala
Aurrak gaisotzen sorgiñak.
Sorgiñik ez da munduan eta
Inchizurikan ere ez,
Baizikan dira atso gaistuak
Bizi diranak gezurrez;
Bada chinismen oriyek galtzen
Uste det dala chit errez,
Aiñ errez nola estaltzen duten
Zelaiyan artoa lurrez.
Zabal zizute emakumeak
Zabal zizute begiyak,
Gezur kontuak utzirik oso
Aditu gure egiyak;
Iñozokeri oriyek utzi
Bear ditugu guztiyak,
Galdu ditezen gure artean
Betiko sorgiñkeriyak.