Euskal Olerki Jaya Errenteriyan
Uranga, Juan Inazio
1
Lo egon arren amets mendean
esnatu gera ¡au poza!
aizeak dakar mendi barrendik
kuku berritsuan otsa;
neguan utzi gaitu, ta digu
udaberriyak itz, otza;
arrazoi onen indarrez zaigu
gaur pozdun jantzi biyotza.
2
Begira nola datorren pozik
olerki ederran ama,
ta pozik goaz beraren billa
ezkeñiz loreak bana;
atoz Erato, atoz lenbailen
aguro xamar gugana,
emen da noski gaur etorriya
aizpa Euterpe zugana.
3
Len ill ziranen illoi gañetan
ipin ditzagun loreak,
estalpe argi leyarrezkuan
egon diranak gordeak;
ayen antzeko gizonik ez du
noiz nai ordaintzen urreak,
atzea nola dantza bear dan
erakusten du aurreak.
4
Astibia ta Xenpelar ziran
Erato-n seme jatorrak,
lurpean daude, bañan ala-re
ez ditu jango zatorrak;
oek ez dira gerora ere
izango noski azkorrak
zergatik ziran pake zaleak
ez borrokari naskorrak.
5
Lore berexi ederrez orain
apain ditzagun illoyak,
lan ontan noski lagunduko du
Erato-n baratz morroyak;
ayen jabea lurra zan lendik
orain jaso ditu loyak,
edertu bitza koroi on banaz
eguzki tokia dan goyak.
6
¿Nola motzen du urpez arrayak
teinkaka dabilkin tantza?
ala berean suan indarrez
beroak urtzen du gantza
noski badute Eratok eta
Euterpek elkarren antza,
olerkiya da oyen baratza
Tersipkorena da dantza.
7
¿Errenteriya ikutu, gabe
nora juan niteke nora,
baldin aurdaroz egin nituen
gauzak bazaizkit gogora?
¿nola txoriyak jaso oi ditu
ale goxuak mokora?
ala nik ere sartu nai det gaur
eskua aman kolkora.
8
Nere ama da Errenteriya
beraren seaska kabi,
maindire txuri berak landuak
jarri zizkidana garbi;
zerk egiten dit dizdiratuaz
nere begiyetan argi?
Madalenaren sudur albotan
ikusten ditut izan bi.
9
Galtzen ari zait usterik gabe
gogoz asi detan gaya,
bakarrik usten zaitut or bertan
lagun izan zeran maya;
Errenteriya pallakutzia
izan da Erato-n naya,
argatik digu eman guretzat
lenengo olerki jaya.