Uda-berria
Uranga eta Beitia, Juan Ignazio
Uda-berrian arbolak dira
Berdeturikan agertzen,
Beren soņeko ederrarekin
Dirade danak ikusten;
Larru gorrian negu guztian
Egongo dira penatzen,
Baņan berriro orri ederrez
Jantzirik dira arkitzen.
Egun sentian chori alaiak
Esnaturikan kantatzen,
Dira gaztiak arbol gaņian
Elkarri begira jartzen;
Kabi lekua ezkutuchuan
Baldin badute topatzen,
Asitzen dira zakarchuakin
Polliki antolatutzen.
Orain dizkigu Jaunak goitikan
Bigaltzen lore berriak,
Ezkutatuak egondu diran
Nekazari pozgarriak
Orain dituzte sagardietan
Chertatzen arbol gaztiak,
Eman ditzaten ale mardulak
Lanaren ordaingarriak.
Kukua ere etortzen zaigu
Alde ontara kantari,
Eta kabia eskatzen dio
Azkar chanchangorriari;
Onek egiņak dauzkan arraultzak
Janaz chori prestuari,
Berriak anchen utzitzen diska
Ordaņetan gaisuari.
Kantatzen dute kirkirrak ere
Sarturik buruz lurpian,
Chingurrichua berriz ari da
Chit gogoz bere lanian;
Eta loriak agertzen dira
Zelai eder zabalian,
Kabi ederrak ikusten dira
Arbol tantaien gaņian.
Larrosak eta krabelinchuak,
Usai gozoko loriak
Orri askoko lore ederrak
Dira batzuek churiak,
Beste aldetik gallendurikan
Daude ori ta gorriak,
Gauz abek ditu negua joanik
Ekartzen udaberriak.