[Bertsotan]
Sein, Manuel-Esponde-Mattin-Xalbador
XANPUN
Etorri ordu gan behar dela, denbora doala laster,
Zuen artetik penarik gabe nihor ez ditake bazter,
Bi bozkario dauzkat nik hemen egun bai zueri esker,
Egin duzuen ongi denentzat, bihotz-bihotzez mllesker.
ESPONDE
Ai zer plazera egina daitan gaur zuen arteratziak,
Anai arrebak, etzirezte ez zuek izanen ahantziak,
Hoinbeste leku goxo ta pollit badauka zuen probintziak,
Manex guzier eramanen tut Xuberoko goraintziak.
MATTIN
Nere agurra eskaintzen dut nik Zuberori azkenian,
Ta goraintziak ematen ditut Lapurtarren izenian,
Loriatua egotua naiz hemen zuen aintzinian,
Ta berriz ere etorriko naiz hunat omore onian,
Aski nauzue deitzia berriz nahi duzuenian.
XALBADOR
Nik ere Xuberori ene goraintzia,
Zu, gure arbolaren adar berezia,
Aspalditik arrotzek ongixko hezia,
Zuhaur izan zaitela zure bedezia,
Herritarren gain baita herriko bizia.