[Bertsotan]
Sarasua, Ion - Izazelaia
S.
Neretzat behintzat egin duzun,
da hilketa bat itzela,
eta zuk ezetz uste dezu ta
sinesten dezu horrela,
dakigu denok norbait hiltzea
betiko pekatu dela,
ta jaio baino lehen moztutzea
izan ez balitz bezela.
I.
Denbora pasa izango zena
semea edo alaba,
haunditutzeko nik jarri diot
lehendik heriotzez traba,
hori haunditzen eta bizitzen
inolaz nik ezin lapa,
bestela ere lau umetxokin
banuen nahikoa karga.
S.
Eritzi txar bat hartu dezuta
oraindik dezu mantendu,
buruak gaizki dijoaz eta
beharko ditut zuzendu,
berekoi denak mundu honetan
sarri hori egiten du,
askatasuna eduki dezan
izan ez duena(r)i kendu.
I.
Gizasemeak bere kalteko
jarritako erregela,
nik pentsatzen det ongi egina
dagola hori horrela.
Jainkoak Adani kendu zion
Paraisua bezela,
bizitza hori nere haurtxoa(r)i
ken diezaioketela.
S.
Lasaitxoago bizitze arren
hori dezu erabaki,
hau berez oso kaxkarra dela
gizon den guztiak daki,
feminismo ta holako gauzak
zutzat hartuaz aitzaki,
jaiotzen dagon kimu berri bat
nola liteke ebaki?
I.
Kontra dadukat alde batetik
erlijio ta jueza,
zulo hontatik gaur irtetzea
ez da izango erreza,
famili batek bere semea(r)i
eman lioke babesa,
bakoitzak bere bizimodua
amak erabaki beza.