Bihotz miņez. Iņaki Lasari
Santurtzi
1-
Picos de Europan amildu haizela
gaur netorrek hiregana.
Gogoan diat euskara eta
harriaz egindako lana.
Gure mundua hobe itzultzeko
ahalegin handia emana.
Orain eztiki, hire larruan
natura amaren laztana.
2-
Higan nabarmen genedukana
esango diat laguna.
Hire izaerak izurtzen zian
edonon zintzotasuna.
Desagertzeak utzia ziguk
ingurua alarguna.
Baina hementxe beti egongo
duk hire bizitasuna.
3-
Arazo latzak konpondu nahiean
ba huen modu polita.
Hiregandikan ba zeuzkeagu
pentsu onak ikasi ta.
Adiskideok maite hindugun
ez baihengoen zirika
gu alaitzeko ez beti mutu
hire errearen musika!
4-
Askotan labur pasatzen zaiguk
bizi izateko epea.
Gizarte hontan egoten dituk
dohainak eta kaltea.
Gertaera hontaz puskatua duk
sufrimenduak katea.
Lo amestian lortuko ahal duk
txit maite huen bakea!
5-
Zergatik goiko izar begiek
malko garden bat daukate?
Haien aintzira herio beltzak
hauts gris koxkorraz dik bete.
Betazpe hoien irri alaia
bihurtu egin duk neke
esan, Iņaki, zergatik beti
onenak joaten zarete?
6-
Nik hau guztiau esatean ez
diat egoten losintxa
Hire aldetik jarri zeudean
egia huts ta hitza.
Ibar freskoan etzana huen
askatasunaren bitsa.
Hobe geundeke Euskal Herrian
hi lako askorik balitza!
7-
Gure artean hagonez gero
ez zeukeagu kupida.
Proposamen bat egongo diat:
etor hadi Santurtzira!
Denok batera herrian zehar
eta Serantesera bira.
Bihotz barrura sartuko zaiguk
lore-ezpainen dizdira.