Arratoi eta saguen batzarrea
Samaniego
Zapiron ill ezkeroz,
Sagu ta arratoiak
Millaka sortu eta
Zeuden guztiz joiak,
Zeren beste katuen
Beldurrikan gabe
Ziraden beren eche
Guztiaren jabe.
Baña illobacho bat,
Chit mutill sendoa,
Zapironek bazuen
Bere antzekoa.
Denborak egin zuen
Guztiz eiztaria;
Egunoro bazuen
Lanaren saria.
Ernaia zan, bortitza,
Gañera katarra,
Bere aitona bezin
Mutiko azkarra.
Goizean, arratsean,
Ordu guztietan,
Usaika an zebillen
Beti zokoetan.
Ez zuten arratoiak
Besteaz beldurrik,
Ikaratzen zituen
Onechek bakarrik;
Zeren estu-estuan
Arkitzen baziran,
Beste edozeñekin
Burrukatzen ziran,
Eta omen zituzten,
Ala det aditu,
Bein baño geiagotan
Zenbait elbarritu.
Katar deabru ori
Baldin iltzen balitz,
Esaten zuten, ongi
Ginduzkek gu anitz:
Ikusia zegoak
Segurki bestela,
Ezin biziko gaituk
Luzaro onela.
Atera nai badegu
Jatera zulotik,
An diagu gañean
Ortzak agerturik.
Ez bagerade berriz
Irteten lenbaiten,
Sarri asiko gaituk
Elkar jaten emen.
Oien artean zan bat
Biziro aundia,
Bizar luzea, eta
Chit ille zuria;
Urte asko zituen.
Zan asko jakiña,
Mairan jan izan zuen
Lau bider iriña.
Onek esaten die:
Baziakiat nik
Nola gindezkean gu
Atera emendik;
Baita ere biurtu,
Zein ta dan azkarra,
Egiten diogula
Burla eta farra.
Bein baño geiagotan,
Ikusi dedanaz,
Lo egiten dik beti
Katarrak egunaz:
Lepoan kaskabel bat
Ifintzearekin,
Iges egiten erraz
Dek soñuarekin;
Lokarriaz lotutzen
Ez dek gaitz lepoa,
Zergatik nere ustez
Pisua dik loa.
Guztiai zitzaien
Ongi iduritu;
Baña iñork ez zuen
Beretzat aditu.
Batak esaten zuen,
Ni nago gogorra,
Besteak, ni itsua,
Besteak, ni gorra.
Edozeñek ematen
Oi du konsejua;
Baña ¿nork egiten du?
Or dago kontua.
|