Emaiten bagine
Salaberry, Etienne Joseph (So Egilea)
1
Ene ohakoa izan da Eskual-Herria,
izan baititake zurea.
Hain da zaharra,
Hain da aspaldikoa,
Mendi mazelan zilatua,
Hala-nola mendixka barnean
Jesus Jaunarena.
Biek berdin dituzte
Eskuin eta ezker
Astoa eta behia, hatsaz berotzale...
Zure ohakoa izan ditake nerea.
Uda histearekin
Ez doatzi nasaiago urtxo andanak,
Ezen ez eta Eskualdunak ihesi,
Urruna, bihotzean sukar,
Bertze gisa ezin zaflatuzko aments!
OI gizonki gogotik jalgi
Mila eta mila lore lerroen
Miresgarrien miresgarria!
Nola ez dute apaindurik ezartzen
Bazterrez bazer mundua.
2
Gizonak!...
Anaiak!...
Emaiten bagine,
Besoak lepo-gibeletik uztarri!...
Emaiten bagine,
Zangoak jo berean aitzinerat!
Gure orroak.
Gure irrintzinak nork daki?
Gure orro-irrintzinak,
Jalgi-araz lezake
Elurretik hosto,
Euritik ortz-adar,
Ilunbe zolatik
Iguzki,
Eta hisiatik amodio.