San Blas'en buruzagitza
Tximela
-1-
San Blas'en buruzagitza
daukanak ikusi bitza
bertso berritan, nola izan zan
gure gazteditza;
batzutan tonto bizitza,
bestetan biurkeritza...
gazte txoroen buruan beti
txoriak dabiltza.
-2-
Nola aste, ala jaietan.
baserri maite oietan
urruti gabe or giñan beti
edo geienetan.
Goxo, pozik jolasketan
ibiltzen nintzan gaztetan.
amaika xalto aterea naiz
goiko belasetan.
-3-
Naiz elur, berdin eguzki.
zeñek etxean eduki?
jan da jostatu, beste lanik ez.
egiñaz biurki.
Lagun bat nuan xaxarki
erakutsi zidan txarki,
Jaunari esker aren ondoan
enaizela arki.
-4-
Etxe ondoan lugarri
auzoarekin mugarri,
gaur adiskide, biar asarre.
olloak aztarri...
Sasian arrautzak jarri
guk berriz artuta ekarri,
gordiñak janda, paseak gaude
biok naiko larri.
-5-
Aitzetan giñan alkartzen
geren buruak argaltzen,
neska gazteak gure atzetik
sarbastakin jotzen:
gora zituzten jasotzen,
nunbait indarra etortzen,
an ikusi nun lendabiziko
zartakoak artzen.
-6-
Gu eskolatu-berritan,
«piperra» egin erditan,
gaiztakeria ikasitzeko
ezta alakorikan!
Danborrak artu gerritan,
alkate jauna erritan,
bere aurrean jotzen genduan
amorrazirikan.
-7-
Martin Anton, da... Blas, eta
Miel Mari ta ni antxe-ta.
erdi botean utzi genduan
Intxausti'n kaxeta.
Txarkeriz ezin aseta
beti olako klaseta,
ango gaiztona kapitana zan.
PATXI ARITZETA!
-8-
Beste bein au zan polita,
uso isats motzak biita,
talde buruak bi sorta zeuzkan
tiroz eratxita;
ni, mikelete jantzita,
beko bidera jetxita,
gari tartean utzi zituan
«Alto'ka» segita.
-9-
Naiz dala galdu abarkak
bizkorrak zituan ankak,
Leaburu'tik entzun zituzten
aren zalapartak!
Mutillak bear ditu prakak
egiteko ola tranpak,
ori zala ta egin nituan
beteka galantak.
-10-
Ni nintzan kandelerotan
alako urte erotan,
«txantxo» jantzita plazatu zana
bein bai, ez geiotan:
aiton-amonak leiotan
algaraz txalo berotan,
gaztedi dana berriz dantzari
lezearen bueltan.
-11-
San Blas'ko etxe atarin
ikusi nuan Katalin
bere aizpakin nola zebillen
dantzan arin arin;
krixkitin soño poxpolin
baban beldurrak aldegin,
gaur «mini-gonak» olako pesta
eztute atsegin.
-12-
Ipiñi ditut prankezan
alkateak jakin dezan
iñon galdezka ibili gabe,
gaiztoena nor zan.
Lagun zarrak, onak izan,
jarraitu bear dan gisan,
ipui geiago ba-dauzkat baña
danak ezin esan.