"Aitaren" egin zerbait
Errezola, Luis (Tximela)
-1-
«Aitaren» egin zerbait
esan baneike-ta,
sartzera nua oso
mintzaldi tristeta.
Eztedin galdu gure
goxodun izketa,
ideki nai det itxi
ta dagon krixketa,
jakin dezan jendiak
nere ibilketa.
-2-
Gudaren aurretikan
Tolosa'n nenguan,
beste bost senidekin
amaren onduan.
Lenengo tiruekin
aldegin genduan;
iru urte barru ille
zuria buruan...
orra disgustu txarrak
zer ekartzen duan!
-3-
Anai bat gudan il da,
bestea elbarritu,
Baiona'ra joan eta
zauriak berritu.
Amatxo Barzelona'n,
ni preso arkitu;
biotzikan ezin det
iñolaz alaitu,
naiago nuke aien
berriak banitu!
-4-
Barzelona'ra joan zan
gudaren igesi,
Bilbao ta Santander
zapalduz lenbizi;
iru urte ontan ez nau
gaxoak ikusi,
nere gixa ura lasa
ezin leike bizi,
etzituan semeak
alperrikan azi!
-5-
Osaba baten bidez
gaur artu det karta,
bertan dator neretzat
berri bat aparta.
Danak ondo dirala,
naiz il zana palta;
lasaitu nadin, ama,
zu bizi zera-ta,
lurreko goraberak
orrela dira-ta.
-6-
Giltzapeturik dago
Aitor'en izkuntza,
ta berak egiten dit
bertsotara bultza.
Alkar-urruti gaude,
auxen da gurutza!
ni ezin joan ninteke,
zu atoz onuntza,
semearen bizia
nai badezu luza.
-7-
Emen ezta entzuten
osto baten txintik,
eztago len bezela
egiterik txixtik.
Gaba esna igaro,
eztaukat siestik;
boniatok ezurrak
indartzen badizkit,
azer mutilla joango
naizen ni Kadiz'tik!
-8-
Azken agurrarekin
zuk begiak ibai,
atxillotu ezkero
nereak beti blai.
Lagun jatorrak dauzkat;
gaur eztira nunai,
alare itun beti
zure bixitan zai,
semea ikustera
atoz, ama, lasai!
-9-
Barrendikan datorkit.
eztizut gezurrik,
berriz ez ote dizut
egingo agurrik?
Andaluzia'n eztet
utzi nai ezurrak,
Tolosa'n il nai nuke
zurekin bildurik,
Jaunaren aurrerako
eztaukat bildurrik.
-10-
Zu utzita joan nintzan
sasoi ederrean,
ogeitabi urtekin
ez nago indarrean.
Gorputza aula daukat
gogor bearrean,
baña poz bat bakarra
biotz barrenean,
euskeraz ikasia
zure bularrean.
-11-
Begirik ez itxi nai,
idekitzen lana,
indartzeko auzoan
botika ta jana.
Jaunak nai beza berriz
joatea zugana;
pakean bizitzeko
azturikan dana,
paseak pasa eta
alkarrekin, AMA!
-12-
Berdin zait Eguberri,
berdin zait Lazaro,
nik ezin emen egin
iñolaz lasa lo.
Eztago irauterik
onela luzaro,
zure itzal gozoa
ez-nekin balego...
gaur maite zaitut, AMA,
dana esana dago!
|