Umaran jaunari diosala
Otaegi, Klaudio
-Ongi etorri, Umaran Jauna,
Jaio ziñaden errira:
Ongi etorri; Machin ta beste
Umant askoren echera:
Ongi etorri, beti noble ta
Leial dan Euskal-errira:
Ongi etorri, beso zabalik
Dauden anaien tartera.
Ongi etorri, dizut pozkiro
Egiten biotzetikan,
Naukatelako zure doaiak
Aspaldi arriturikan:
Ongi etorri; diote nere
Lagun onak zugatikan,
Onegiñ asko dituzulako
Egiñ urez aronztikan.
Ongi etorri, dizute egiten
Ibar ta mendi zokonak,
Aurtasunean gora ta bera,
Ibilli oi zituzunak:
Ongi etorri, dorre, jauregi,
Gaztelu ta murru larrak,
Chirostu eta sasi mardulez
Estaliak dagoztenak.
Ongi etorri; arbol tantaiak:
Ongi etorri, ibaiak;
Ongi etorri, aizechu eta
Egaztien ots-eztiak:
Ongi etorri, gelditu gabe
Mur mur dauden iturriak
Ongi etorri, pir pir egiñaz
Mugitzen diran orriak.
Ongi etorri, zait iruditzen
Diola zure seaskak,
Non lenbiziko bai ziñituen
Aditu amaren kantak:
Ongi etorri, zure guraso
Zarrak daukazkien lurrak:
Ongi etorri, esateko itz
Batean, euskaldun danak.
Baña ¡zer muga miñean eta
Tristean zeran etorri!
Jakin dituzn Amaren penak?
¿Nai izan dezu ikusi?
¿Malko gartuak nai ziñituen
Bere oñetan isuri?
¿Norañokoak diran emengo
Gaitzak, naidezu ikusi?
¡Tristeak dira, Umaran jauna,
Euskal-erriko berriak!
Guri guria utzi zenduen
Aritz beneragarriak,
Ego aizeren bitartez dauzka
Igarturikan orriak;
Alde aldean zazkio galdu
Sustrai eta zaiñ lodiak.
Triste artzaiak arkitzen dira;
Eta ¡nola ez gaisoak,
Ardi bildotsak baldin iresten
Badizkie maiz otsoak!
¿Nola ez dira egongo triste,
Baldin ollo ta chitoak,
Ataririkan badaramazki
Arrapatuta miroak?
¿Nola ez dira izango emen
Pena eta naigabeak,
Mendiak baldin badaude pizti
Odolzalezkoz beteak;
Azari zarrez ingurutuak
Chabola ta salecheak;
Arbiska pozoi eta momorroz
Zelai eta landareak?
¡O atzekabe neurrigabea!
Ez det barrenta gauz onik!
¡Zortzi urte ta geiago doaz
Pozik sentitu gaberik!
Emen ez dago zorionikan,
Ez dago zorakeririk;
Ez dago emen soiñ beltza eta
Lantua beste gauzarik!
Igartu dira zelaiak eta
Zimurtu lore politak:
Erromeririk, ez da; isildu
Ziran chistu danboliñak:
Oso mututu zumarditako
Koplari garbien kantak:
Atzoko argi ugariren truk
Daukazkigu gaur itzalak.
¿Nora zerade, bada, etorri,
Nora, Umaran prestua?
Ikusten dezu jaioterria,
Ozta ozta ondatua!
¡Ai baluteke ume guziak
Zure naitasun gartsua!
Amerikako beti izan dezun
Amorio aiñ sutua...!
Irago arren urteak eta
Egon arren atzerrian,
Ikusten degu bero dezula
Fedea biotz aundian:
Zu bezelako euskaldun asko
Balira Aitorren errian,
Kukuak beste gisa liguke
Joko ¡ai! udaberrian...
Eraman zazu gure laztana
Zure lagun maiteetara:
Gure oroitza, gure biotza,
Zillarrezko Ibiera:
Gure maitasun egiazkoa
Fuero-zale aetara;
Sortacho baten gisa bilduak
Dauden euskaldunetara.
Esanaz: ez da Euskal-erria,
Ez da sekula galduko;
Zeren baditu oraindik-ere
Nai dioten ume asko:
Eta, batasun premiazkoa
Egiñik beti betiko,
Berriro dute, ¡erri maitea!
Lengo oñean paratuko.