Konseju bat
Otaegi, Klaudio
Eurite baten ondoren ziran
Bi galai irten echetik,
Zer kalte taju egin zituzten
Urak ikusteagatik.
Ibai ertzean aronz onontza
Ziraden kontu kontari,
Errian ziran aberats denai
Larrua kendutzen ari.
-Arditik gabe, Pachi Errota,
Zakurrari tiratzeko,
Bizitzen zala danok zekigu,
Oraindik ez denbora asko,
Eta urterik ez dek bi edo
Iru lur golde eros gabe:
Gañera berriz berea dala
Ziotek errota ere.
-Orra non dekan Pello Taberna,
Badakik atzo nola zan,
Beti lanean arrastaka ta
Zorrik eziñ paga zikan;
Taberna para zuan ezkero
Mundu guziok zekigu,
Urte guchian dala egingo
Aberats guzien buru.
-Mikela Trapu, tzenbat urte dek
Oraindikan zebillela
Eche errentarik paga eziñik
Atez ate diru billa?
Denda paratu zikan ezkero
Lau edo bost trapurekin,
Etzaiok palta mama gosoa
Beste gauz'on askorekin.
-Anton Okiña, orra beste bat
Zer duen ez dakiena,
Zarpaill bat zukan orain sei urte,
Ua orain orrengana;
Milloi erdi bat paper utsetan
Gordeak bai omen dizkik;
Nondikan nora dituen egin
Jainkoak bakarrik zekik.
-Orra Burnisar; orren semea,
¡Zer nai dek geiago jakin!
Ezkondutzen dek echealdeko
Neskachik lirañenakin.
-¿Eta Trapusar? atzo aditu
Nikan esaten auzuan,
Sei milla duro daukazkiela
Donostiako Bankuan.
-Eta ¿non ditut errekarderak,
Non ainbeste salerosle
Oraindik atzo gona motzakin
Zebiltzanak kalez kale?
-Baña, motell ¡ai! ¿ez alzekigu,
Esan zagun ¡zer demontre!
Konde egiñikan dabiltzala gaur
Atzo ziradenak sastre?...
Gisa onetan zebiltzalarik
Galai bi oek izketan,
Koplari on bat zan arkitutzen
Iskin batetik zelatan.
Bere ustean ziradenean
Itzontzi aek aspertu,
Agur egiñaz biengana zan
Modu onetan urbildu:
-Barka zazute; aditu ditut
Mintza zeraten jolasak;
Orrelakoen kutizirikan
Ez izan sekula, Jaunak,
Zeren, ibaiak baldin berekin
Ur asko badaramazki,
Zikiñak edo loiak dirala
Maiz izango, nornaik daki.