Anima garbi baten esaera lasaia
Otaegui, Claudio
Sendakin denak digute esaten,
«Ganjes aldeko gaitzari,
Edo kolera izena duen
Izurri izugarriari
Ezin nai baldin badio batek
Arriskutikan itsuri,
Dezala bere konzienzia
Beti sosegu iduki.»
Gertaera bat gogoratzen zait
Au aditzen dedanean.
Orain ogei ta bederatzi urte
Erri chikicho batean,
Amarrendutzen kolera ari zan
Jende gaisoen artean.
Illeak zazkit jarritzen zuti
Egun aek oroitzean.
Luze laburrak diran bezela
Esku bateko beatzak,
Ibar batean ere dirade
Asko erri desberdiñak;
Eta, gureak irago arren
Naigabeak eta penak,
Baziran beste batzuek ongi
Jostatzen ari ziranak.
Nola aundia dan Euskal-errian
Pillotarako jaiera,
Bildu ziraden, esan zutenez,
Errenteriko plazara,
Iru milla ta geiago gizon
Partidua ikustera;
Pillotariak trabes, chalo ta
Ujuakin alaitzera.
Jokatzen ari ziran orduan,
Baserri urrutitikan,
Aiton gordin bat jo zuelako
Izurriak bat batetan,
Mutill gazte bat mendia beera
Egiñala etorri zan,
Esanaz: nere aita maitea
Daukat azkenekoetan.
Apaiz mediku biek lasterka
Juan eta ikusi zuten:
Izerdi otza eta pulsoren
Izpirik gabe egon arren,
Bere anima lendabiziko
Garbitu nai izan zuen,
Justoen bizi zerutarrean
Sartzen utzi zezaioten.
Mediku jaunak agindu zuen
Guzia zuzen egiñik,
Asi zan itzak oker esaten,
Iñola eziñ egonik:
Agoniako tranzean ustez
Urbill zala igarririk,
Estutu ziran bere umeak,
Eta belaunikaturik,
Asi ziraden Zeruko Santu
Guzia erregututzen.
Apaiza ere, ikusirikan
Zitzazkiola sartutzen
Kokoteraño begiak eta
Ezpañak ere oritzen,
Asi zitzaion liburutikan
Azken itzak zuzendutzen.
Ustekabetan argialdi bat
Agure buru zuriak
Izandu zuen; eta alchaturik
Orduan ume guriak,
Ekar zioten ollo salda ta
Zituzten jaki guriak;
Baña, etzuen salda piska bat
Besterik artu eriak.
Sendatu dediñ, zioten esan,
Geingo artu dezake:
-Eskerrikasko; zeren geiegi
Baldin artuko banuke,
Zukarra berri berrirotikan
Nigan jabetu liteke.-
¿Zer dio? zion, esan apaizak:
-¿Berorri emengo alde?
Lo kuluskaren ondoren ustez
Piska bat obetoago:-
-Ala da, gaitzak obera dio
Eman, eta lasai bego.-
-Apaiza Jauna: ¿Zenbat ez dira
Errenterian egongo,
Berorri eta ni gauden baña
Ipurdian estuago?-
Irakurleak pensa dezake,
Zer barren lasaia zuan
Modu onetan mintzatzen zanak
Eriotzako orduan.
Dukarik gabe, aren animak
Zikintasunik etzuan,
Eta merezi zuen saria
Izango zuen Zeruan.