Beti lagun
Orixe
Non nago? Non aut? Ez ote da auze
neretzat lengo Tolosa?
El al dezaket entzun berriro
mintzo goxo orren otsa?
Bego negarra, lurrindu bedi
begian malko mingotsa,
alare ez uke nik iregatik
negar egitea lotsa.
Ire errainua ikusten diat
nere begi on txingarra,
argi biurtu dela niokek
ire ezpainen irri-parra.
Dante'ren itzal isillak beude,
betorkit neri ire garra,
bete dezadan azken aginduz
eman idaken bearra.
Biotz-bertsoak egin nai ata
Jainko billa nauk oldartu,
ik asan idan bein ta berriro
onetan nendilla leiatu.
Lagun egidak argi orrekin,
nere bigarren aingeru,
igan ikusten diat garbien
Jaungoikoaren errainu.
Jaunkorik ezin, ez ta aingerurik
gorputz antzean iduri,
siñestez iñoiz konturatzen nauk
itzalpean nautela ni.
Illun ortatik bizi ontara
i aut bitartean argi,
errainu onen dirdaia lagun
aurrean zeuzkeat beti.
Beretarbiden, iturri-askan
agertu didak begia,
osto tartetik iragazirik
eguzkiaren izpia.
Nere aurretik, ibilli gabe,
igaro uan mendia,
ikusi genin basora antzean
loretan den sagastia.
Len lagun zintzo gorputz bizitan,
orain are, lagunago,
tokiz aldatzen nekerik ez duk
ez egal eta ez zango.
Begi-orde ok aurreko ormara
eguzkiak jota baino,
zintzoago abil nere aurrean,
abil ni bizi naizeno.
Oroitu ta aztu, burruka diat
tartez bakar eguzkia,
errainu onek irauten balu,
auxe nere zoria.
Goibeltzen ba'zait, gainbero bedi
bego baten au goria,
gorputz ustel au, gandu nasi au
daiteken arte eroria.
Biga atera duk, begiak lauso,
ikullu-zoko beltzetik,
begiak urrez igurtzi eta
lauso orrek aldegiten dik.
Egun otako negar-malkoak
txuka ditudanean nik,
ni il arte ez beza Jainkoak nai
ire errainua galtzerik.
Nere bigarren albo aingeru,
nere Jainko-erakusle,
il arte lagun, ortik onera
ezegok len ainbat bide.
Bakar-bakarrik nakustenean
jendeak esan bezate:
bekokian dik aren itzala,
lagun dik oraindik are.