Nere jaiotexeari
Olea, Inoxentzio
-1-
Pago, aritz ta gaztaiņ
mardulen tartian
Mendarte izeneko
baserri batian
sortu nitzan mundura
Zeraingo partian.
Nere jaiotetxea
berriz ikustian
poz-malkoak datorzkit
begiak betian.
-2-
Txoko irripartsua,
gozo ta epela,
nere begiak bai zu
maite zaituztela!
Uste det nik oraintxe
txoratu naizela,
sinistu bakar-miņak
ekarri nauela
enaratxoa lengo
kabira bezela.
-3-
Emen eman nituan
lenengo pausoak
zaindari nituala
nere gurasoak.
Ziran kristau zintzo ta
euskaldun osoak.
Bi begiak illuntzen
dizkit gaur lausoak
Nik eziņ aiengana
luzatu besoak!
-4-
Ai, nere aurtzaroko
kaiola apala,
ni bai emen alaiki
jostatzen nitzala!
Nun dezu ni goxatu
ninduan magala?
Eta babes sendo zan
aitaren itzala?
Ez aldakizu oso
maite nituala?
-5-
Emen igaro nitun
unerik onenak
nere gaztearoko
pozak eta penak,
emen egin nituan
amets zoroenak,
iņoiz egi biurtu
ezin litezkenak
baņa bizitz au zerbait
gozatzen dutenak.
-6-
Ementxe jaio nitzan
baita ere azi,
zutzaz oroitu gabe
eziņ naiz ni bizi.
jaunak eman zizkitzun
makiņabat grazi,
naiz nere maitetasun
dana zuk merezi
senti dedan guzia
nola adierazi?
-7-
Ez dakit nagon esnai
edo amesetan.
Eguzkia jostatzen
zuaitz ostoetan?
Batzuetan argi ta
illun bestietan,
orra izar guzien
jauna kuriketan
nere etxe ondoko
baso ederretan.
-8-
Lenen pozak nabaitu
nituan tokira
etorririk ezin naiz
aspertu begira.
Juan zan zoriona
ez liteke jira.
Esan eziņalako
poz aiek nun dira?
Ai, berriz eskuratu
al baldinbalira!
-9-
Zaude aiņ leku eder
eta apaņean
Euskalerriko bazter
mardul, bikaņean.
Zu goratzeko itzik
ez det mingaņean;
baņa maiteko zaitut
al dedan aņean
biotzaren barrutik
geigo eziņean.
-10
Udaberri alaia
onutz irixtian
lore mota guziak
zelaiak betian,
errekatxo ertz eta
sasien tartian.
Nere ingurua aiņ
eder ikustian
zentzun danak txoratz
zizkidan batian.
-11-
Baso ostotsuetan
kantari kukua,
birigarrua ere
berritxo askua,
atsegiņez beterik
nik berriz kolkua.
Nun beste lur zati bat
au bezelakua?
Gorde zazu euskaldun,
ene, jaungoikua!
-12-
Nik ezagunak ditut
ontzaren oiua
eta udaran kirkill
alaien saiua,
zeruan patxaratsu
jiraz arraiua,
orobat enaratxo
bizkor ta iaiua.
Nola damutuko zait
ementxe jaiua?
-13-
Zeņen polita ziņan
negu latz, otzian
elurrezko maindire
txuriz estaltzian!
Gero geldi-geldika
elurrak urtzian
soro, baso, zelaiak
billoiz gelditzian,
zer trixtura nabaitzen
nuan biotzian!
-14-
Nere txoko kuttuna
maite zaitut lendik
mundu ontako bazter
polit danen gaindik.
Lengo euskal usaia
daukazu oraindik,
ala-bearrez juan
nitzan ni emendik
baņa biotza eziņ
aldendu zugandik.
-15-
Bazter alai, ostotsu
ta zoragarria
biotzaren pozgarri
atsegingarria,
asetzen didazuna
maite-egarria.
Nere kabitxo bigun
estimagarria,
ez aundizkia baņa
bai maitagarria!
|