Milla beatzireun ta irurogei
Olea, Inozenzio
-1-
Milla beatzireun ta irurogei
eta seigarren urtean,
bere Epaillak amabi egun
zituen larunbatean.
Jaialdi polit bat ospatu zan
Zumarraga'ko partean,
sei bertsolari gazte arturik
eurekin babes batean,
eun bat euskaldun bildurik zeuden
«Galeperra» alkartean.
-2-
Itxaropenez bete beterik
jun giñan «Galeperrera»,
gure izkuntza gogoz maitatzen
duten txoko ederrera.
Beti gogoan izango degu
egin ziguten arrera,
an bai euskera jaulkitzen dala
alai zerutik lurrera,
«Galepertarrak» gertututako
baratz, mardul, samurrera.
-3-
Apari gozo eta apaña;
bertsoak apal-onduan,
«Galeperrera» bildu giñanok
zer geiago nai genduan!
Neurri guziak aurrez arturik
ezertxo ez beranduan,
biotz zabalez artu gaituzte
anai batzuen moduan,
oraindik ere lagun jatorrak
arkitzen dira munduan.
-4-
An bai giñala danok etxeko,
iñor ez erbestekorik,
beste alkarte bat bai ote da
au baño jatorragorik?
«Galeperrean» etzan ikusten
jauntxo edo arroxkorik,
eztegu izan bete gabeko
kutizi eta gustorik,
eziñ esango degu eztala
iñoiz zorion osorik.
-5-
Bertsolarien neurketatxo bat
artu zenduten aitzaki,
gazte diranei zuek bideak
bai pulamentuz ebaki.
Gauza oberik egiterikan
al diteke erabaki?
Ama euskerak bertsoak ditu
bizigarri eta jaki,
egiten zaizkan mesede auek
eskertzen ere ba-daki.
-6-
lendikan bertsolari diranen
laguntza eta itzala,
bai egun artan «Galeperrean»
ondo nabarmendu zala!
Eta uste det izendatzea
oso bidezkoa dala,
gure egarri au asetzeko
saiatuak egiñala,
Lazkao-Txiki eta Lizaso
eta Agirre zirala.
-7-
Nere ustetan beintzat kalterik
ezattir bertsoetatik,
«Galepertarrok» oitura auek
gorde jaungoikoagatik!.
Aitzakirikan entzun eztediñ
gure ondorengotatik,
bide onean sartu zerate;
jarraitu zintzo bertatik,
orain bost urte artu zenduten
arrasto zuzen ortatik.
-8-
«Galeperreko» lendakari jaun
zuzendari ta lagunak,
bai une alai, zoragarriak
or igaro ditugunak!
Nai izanarren ondo eskertzen
zaill egiten zaizkigunak,
ez uste izan gure itz auek
diranik uts eta leunak,
ortara nola jarriko giñan
izanikan ezagunak?