Gizona beti barruan daukan
Olea, Inozenzio
-1-
Gizona beti barruan daukan
sentimentu ark darama,
une onetan ni ere orrek
bertso jartzea narama.
Zeuk dakizunez aspalditikan
zaitut kuttuna, Zegama,
nola daukazun txit erri ala!
eta jator baten fama.
-2-
Erreztasunik asko izan det
zu ondo ezagutzeko,
ezpaitaukazu kopet illunik
auzokoeri jartzeko.
Neke askoren bearrik ezta
zu biotzez maitatzeko,
eta ez uste zauzkadanikan
utsaren truke saltzeko.
-3-
Esango nuke zuk bi besoak
beti zabal dauzkatzula,
eta nunaitik gizalegeak
gaņez egiten dizula;
orrutz datortzen danak semetza
laster artzen dituzula.
Nik ondo dakit gauz ontan oso
adur aparta dezula.
-4-
Ez uste bada guri erri au
arrotz egiten zaigunik,
or bertakuak ez geranikan
pentsatzen ere degunik.
Zegamak badu nabarmentzeko
seņale bat ezagunik,
au da: Datorren ari etzaio
faltako emen lagunik.
-5-
Zegamarrikan ezta egongo
iņoiz atzera begira,
trebe jokatu beardanean
eztu izango kupira.
Orko semeak zabaldu dira
gaur ia mundu guzira,
gizon jatorrak nun eta noiznai
ondo artuak baitira.
-6-
Jokera fiņik bat baldin bada
ixpillutzat jartzekua,
zegamatarren diņtasuna da
aintzakotzat artzekua.
Nunai azaldu liteke baņa
bereala etxekua,
ugari eta estimatuak
ez alda arritzekua?
-7-
Orko semak banatu arren
munduan bizi bearrak,
nunnai edozeiņ lani eltzeko
sena badu zegamarrak.
Gizatasunez beteak dira,
saiatuak, ez zabarrak;
Euskalerriak eztauzka ez or
oso mandatari txarrak.
-8-
Zegamar batek bere erria
maitatuko du benetan,
bere jatorriz ederretsiaz
dabillen leku danetan.
Sakabanatu bizi diranak
bakoitzak bere lanetan,
euren txokoan bilduko dira
ziur San Bartolometan.
-9-
Zegamak maite baditu ere
pesta ta alaitasuna,
bear danean azalduko du
bulartsu kristautasuna.
Bertso ta euskal oiturentzako
badauka zaletasuna,
gure arrazak oraindikan or
sendo dauka osasuna.
-10-
Gazte nintzala neretzat grazi
danak Zegamak zituan.
Ai, lagun zarrok, or une alai
pranko pasa genituan!
gaur nola esan zenbait oroipen
gozo berritzen dituan,
lenen-maitasun laztanak ere
or nabaitu bainituan?
-11-
Garai bateko adiskideak
nola utzi nik atzian,
ain zoriontsu izandu giņan
denboraz gogoratzian?
Oraindik ere or alkarrekiņ
biltzen geran bakoitzian,
esker ona ta maitetasuna
pizten zaizkit biotzian.
-12-
O, Aizkorriko Gurutz Santua!
Arren egiguzu lagun,
gure izkuntza eta oiturak
arretaz gorde ditzagun;
euskalduntasun orren bitartez
izanik kristau ezagun,
egunen batez zure besotan
danok atseden dezagun.