Bertso berriak jarri nai ditut
Olea, Inocencio
1
Bertso berriak jarri nai ditu
al baldin badet euskeraz
gure aurreko asabetatik
ikasitako izkeraz.
Orretarako oso ederki
osatzen naute aukeraz
oraiņ aldiko zenbat idazlek
artua duten jokeraz.
2
Euskera antzik ez duten itzak
zirriztu guztitan "atxe"
barkatu baņa nere ustetan
oker samar daude ortxe.
Ez ote dira premirik gabe
sartu zailtasun ontatxe?
Sasiko-izki deabru onek
salmenta dauka oraintxe.
3
Izkuntza batek ez du mesede
emen dabillen trillua
ingurutako idatzietan
degu orren ixpillua
bakoitzak bere aldera tira
au da berriz istillua
gure euskera ez da zenbatek
uste bezin mordollua.
4
Euskeraz garbi idazte onek
bai ote du ainbat neke?
Artara jarri ezkero ori
errez iritxi liteke.
Premirik gabe atzerrietan
zertan ibilli itz eske?
Kanpora billa Juan gaberik
bertan arkitu litezke.
5
Euskera zarra gaxorik dago
indarrik artu ezin du,
aurrean dauzkan aldapa oiek
bear zaizkio berdindu
ez dakizkigun itzak ikusten
saiatu tu alegindu,
izkuntza baten garbitasuna
ez nolanaitan zikindu.
6
Gaur eguneko euskal zaleak
egin dute lan ederrik,
oien eskutik juan da ez degu
artuko bide okerrik.
Nun degu gure gizatasuna
ez emateko eskerrik,
ainbat neke ta buruauste latz
galtzen uzteko alperrik?
7
Ez ote geran geure izkuntza
garbi gordetzeko trebe,
gogoratzeak eman izan dit
makiņabat atsekabe;
itzikan asko badegu bertan
iņundik ekarri gabe.
Euskera zarra ez alda bada
bere buruaren jabe?
8
Itzak badira noski or-emen
billatu bearrekoak
gauz berri asko izendatzeko
egoki ta premizkoak.
Izkuntza zarrak kaltegarritzat
ez ditu orrelakoak,
baņa besteei utzi pakean
oiek ditugu naikoak.
9
Izkuntz-zaindiak ikusten dira
nola an ta ala emen,
erakusteko badute noski
edozeiņek ainbat almen;
idazle danak beren ondoren
jarraitzen dute nabarmen,
Gu euskaldunok ez ote degu
ortarako ainbat kemen?
10
Idatzietan gure iritzi
euskeraz eman dezagun,
geure itzetan arkitzen baita
bear ainbat argitasun.
Orretarako beste izkuntzak
zergatikan artu lagun?
Nere ustetan euskerak badu
ainbeste aberastasun.
11
Izkuntza-zaindi guztiak izan
oi dituzte iztegiak,
zalantz alditan leial arkitzen
dizkigutenak begiak.
Euskal idazle maiteok zuek
ere ez izan nagiak,
euskera nastu lezake gero
lasaikeri geiegiak.
12
Aita Mujikak iztegi bikain
bat moldatu du guretzat,
urrez ordaindu ezin liteken
pitxia dala deritzat.
Zer mesede ta bizigarria
litzaken euskerarentzat,
iztegi ori Euskaltzaindiak
artuko balu beretzat!
13
Izkuntzalari agurgarriok
zaidazutela barkatu,
iņor mindu nai ez duan arek
ez du egiten pekatu.
Mesedetxo bat nai nizuteke
apaltasunez eskatu:
"Atxe" nun sartu asma eziņik
ez gaitzatzute nekatu.