Urrundiko ipuiņa
Muniategi, Sabin
Ume eder txiki ta, tolesgabeak,
irakurri nai izaten eban beti
neska eder txiki irakurtzaleak
beti, nai izaten eban irakurri.
Leiora joaten zan arratsaldean.
An, egoten zan adi-adi, zer barri
ikusiz oņezkariak beko kalean
joan-etorrizko ibiliz, urduri...
Askok bai, irakurri egiten eben
bidebera,egunerokoa eskuetan
liburuxka edo margodun paperen
bategaz, ibillaldi punterenetan.
Baita igarotzen zan agure bat,
orri askodun liburu mardul bataz
non aurkituko ebazan laguntzat
gizaki bakunak beren ipuiņakaz.
Neskatoak gauaren antzeko begi
bataz-baltzak eukazan ta, zeruak lez,
izarrez beteak, goietan dirdari,
zoragarrizko argidura politez...
Berandutzen zanean ta, nekaturik
zegola begitandutako ainbeste
gauzaz, ogera gogotsu urbildurik
loguretuta etzuten zan bai, antxe...
Ogea bigun-biguna ez zan arren
begiak izten ebazan, zeru garbia
zearo itxiko ba-litz lez, une baten
illunperaturik izarteri guztia.
Orduan lotan, bere gogo barruko
begi errubakoak zabaltzen ebazan
atsegin gogoz irakurriz ederto
gauak eskuraturiko orrialdetan
Gauero, aren oge gogor garbiaren
buru aldean, aingeru bi egozan
loa zaindu ta, zeru izarreztuaren
edesgai edenak irakur egizan
Jakituriaren eta Maitetasunaren
agerpide sakon ta zoragarriak
tolesik bako ume arima baten
biotz-begietan biziro irarriak.