Udazkenez
Muniategi, Sabin
Mendietako iratza, baso, oianez...
Izadiaren oritasun ikusgarri
eta Aldiari dagokion elduaroz,
bein eta berrizko ioan-etorri,
etengabeko aldatze ta otzberoz,
orbel-illetazko eresi bakanez
Baztan alderdiko lur ta ikuspegi
illuntzetuaren agur zoragarriz...
O, aize emekoi, aize zaratari,
ego-aize egakor ta aldagarri!
Lurra agor ta, erabat pozberotuz,
bideak betezko edadura zabalez...
Aizeak ots dagi, arro, bereziki,
ots, negu-aurreko abots nabarmenez,
zugatzak astindu ta, larrak gorrituz,
aizeak ots dagi bai, zugatz ta larrez,
bultzada ozen, itsuetan, orriz-orri,
errukige bizia makur, erantziz.
Bai zarama eta, bai, adar lauskituz,
aize bolada eraginkor, zabarrez,
biziak, aldakor... O, bai, iges dagi!
Iges dagi, igeskera betikorrez,
bere egunkera illun edo argi,
egun moztuen bidegiro orbeltsuz
biziak, iges dagi, lasterka, narrez,
Itxaropenak, ametsak obiratuz,
orbel zokoratuen erio ixillez...