Olerti
Muniategi, Sabin
Bizia maite duanaren lei, naikuntza biziz
izen-menezko gogoz, irakiten, egarri,
nortasun aundiko pilpira, euskal agiriz,
erri baten biotza eriotzatik igesi.
Maitetasun abotsa da, Euskalerriarena,
gori, lerden, gogai itxarotsu, ederminduz,
olerkitzaren bide goitarrez datorrena
izkuntzaren bizi osakuntzan parte artuz
OLERTI: itzezko ezpata, izpi, galburu,
illargi, eguzki, izarrezko dirdaitasun,
oldozkun, gogai, lillura, amets iturburu,
izadiz bizi dan biotz ororen ogasun...
Itzak argitasun, bioztasunezko sugar,
musu bero, usain gozo, begirada samur,
ispillu biurtzen dira, maitetasun ikur,
egiamenezko abestiaren urre ta zidar.
Aldi gogorrenean azaldu izan zara
soņanzki apalez, euskal abotsa edatuz,
munduaren aurreran, itxaropenezko kantuz
bidean gora, izateko asmoz, ikara...
Onaindiaren itzalpe ta olerkari eskuz,
Larrako lekaidetxearen orma babespean
sortu zan, orduko egoera loturapean
gose-egarri ziran euskal alorrak landuz
Sorkunetik ogeitabost urte eder, luzez,
olertia odol-barritu, landu daruagu,
etsipen bako ekintza aurrerabidetsu
baten egunik egunerako gaurkoratzez
Benetako poesi altxor ugari, sakona,
dirdiraka udako gau izartsu antzera
euskal elertiaren zeruan, ederbera,
goraka duana, edatuz beren argi ona.
Euskera bizi, betikoi, eder baten alde,
(orrialde mamitsuetan, apaltasun begikoz)
Erri bat mintzo da parnasoan leku eske,
aurrera dagin asmo zindo ta zorionekoz.
Ondasun altxor, miresgarri ori, or datza,
olerki egokietan, maitasunez dirdari,
agertuz ainbat egilleren gogo ta, biotza,
udabarriko txoriek bezin alai, kantari.
Bakoitzari berarizko eredutasunez
olerki sugarrezko odol beroa dario,
ele gurearen aldezko goratze, omenez,
eskeinduz usain gozodun larrosa, lirio.
Utsaren trukezko olerkiratze gurgarriz
arrobi ontan askok emon dautse asiera
ta eldu dira bai, trebe, zerbait izatera
egiņaren egiņez ta, ainbat irakurriz.
Txalotzekoa ez al da, OLERTI au eratu
izan dauan erraldoi, gure dan karmeldarra?
Ez al da aintzagarri ederrik eskuratu
izan dauzkun gure aldizkariaren izarra?
Mintza bediz olerkariak betierazko argiz,
anaitasunezko barruti zintzo batean,
neurtitzen alkarberazko ortzi zabalean
ain biotzeko dogun euskera maiteari eutsiz