Norbera dan zugatzan
Muniategi, Sabin
Zugaitzak orriz ta, desorriz,
urte-aro bakoitzaren ezetasun
edo, zimeltasun orbelduan;
txori ixil edota, kantariz,
kabi gabe edota kabidun;
gau ta egunen zori-barruan
bizitza beraren illun-argiz...
Bai atsegingarri ta ederra,
norbera dan zugatzan
osasunez bizi izatea,
itxaropendun adarburuetan!
Eder-ederra, buru argiz,
Izadiazko zentzu arabera,
bioztasunez, maitasunez
begipeturik zeru bazterra,
goiz-eguerditan naiz arratsbera
gauzetan norbera aratzea!
Bai ederra, illargi betea,
odei artetik iges doanean
zurbillik, goietako bidean;
bai oargarria, gaueratzean
zakurren zaunkadak somatzea
edo, gautxori bat egazean
alako geltasun ixillean...
Gogoa oarkari,
argi-itzalezko ortzipean;
bizitzaren taupadea
urrumaka ta ezkutukari,
izaki apalen abotsean
ta, bakoitza berean,
nor-norka, biziari...