Sorlekua
Muniategi, SAbin
Oroipen zarretan murgil ta, birbiziz aurtzaroa
nire naserritar sorleku maitearen magalpean,
ni izan nintzan mutikoaren ibillietara noa,
ainbat bizi-eskeintz, amets gozo aurkituz bidean.
Lurrarekiko artu-emonean ta lurrinpean
bizitzen ikasia oi dan gazigezatasunez
burdiñaraz, labortzez itaurren edo onenean
astoaz egur, bedar billa egungo beartasunez.
Izadiaz bizia biziz ume egazkadatan
aizeaz, txoriekaz, zugaitzakaz ere itz egiñez;
garien oritasun ta arto muskertasunetan
begiak gainberatuz izatearen atsegiñez.
Edo auzoz-auzo Agarre, Gorriene, Matxiñenez
asti unetan tarteka, lagunak nunbait alkartuz
gure irudimena egatzen zan berein bidez
ume pozera nekazari alorrak itxarotuz.
Gorakundezko biozkada ederrak bizi genduzan
utsaren utsez, ezebezez pozturiko egunak
ta, geiago alakorik iñoiz sortuko ez ziran
amets lilluraz bizitako bizialdi kutunak.
Neguko gau luzeetan, gaztañak erre bitartean
arako Marimunduko sorgilei bizi-araziz
edo Peru-maritxuzko barregarritasunean
ogera orduko uneak ipuin-ipuinka biziz.
Amak ipuin asko zekizan ta amumak geiago
ta, orrela gu, umeok, goxo-goxo sutondoan
egoten giñan bein ta barriz, beste bat noiz entzungo
gurasoen maitasunez aparia atontzekoan.
Euriak urturiko Peru'ren gatzezko etxeatzaz
ta, «Gaua gauekoentzat» dalako sorgin-ikutuz
odei gaiñez, sasipez, Mari ta Anboto'ko Damaz
gure iakingura, etenbako egarria geituz...
Gaur norbaitzuek «ovni» ek ikusten dituzten bezala
garai artan ere, tximiztadun arrats illunetan,
Anboto'ko Dama sorgin ori, sugarra zeriola
igarotzen ei zan, Oiz'tik Gorbea'rako bideetan.
Oroipen zarrei darien bitxitasuna aintzagarriz
uriko burrunda, zarata otsetatik igesi,
illak ta biziak, egun zarrak gogora ekarriz,
ainbat iakingai daurkidaz enegan, oraindik bizi.
Araxe, nintzanera, baserritar atarietara
gogobidetzen naiz urratuz aintziñatar azala;
araxe, oinbide amesgarrien sorburuetara,
dastatuz gora zetorren bizitza aren itzala.
Araxe, nintzanera, baserritar atarietara
gogobidetzen naiz urratuz aintziñatar azala;
araxe, oinbide amesgarrien sorbueruetara,
dastatuz gora zetorren bizitza aren itzala.
Araxe, usoa bezin uso, poz-pozik, iauzika,
landa-zelaiez, itxaropendun begirada argiz,
aldi artako bide barruz, ederrik, atxikunka,
igarotako gauzak barriro neurtu ta ikusiz