Mikel-i
Alkorta, Iņaki
Sei anai geran ezkeroztikan
sei bertso zaizkit tokatzen,
anai bakoitzen oroimen gisa
sei puntu ditut asmatzen.
Zazpigarrena, bertso ederrena,
zuri zaizula tokatzen,
zeru horretan saiatu zaite
al dan ondona kantatzen.
San Marzialpean ezkutaturik
joan zenitzaidan anaia,
urrun zenduan nere ustetan
heriotzaren garaia.
Gure artean utzia duzun
maitasunezko sustraia,
gaurtik aurrera indartzen eta
sendotzen nahi nuke saia.
Zazpi adarrek osaturiko
enbor sendo ta tenteak
larritasunez jasoak ditu
istripuen albisteak.
Senitartera etor zaizkigu
egun illun ta tristeak,
geroa tragan biurtu bai du
gaur MIKEL anai maiteak.
Bertsoa dela medio nahi dut
MIKEL anaiakin mintza,
naiz ta gerora sobaran izan
mingain jarioen hitza.
Bere gogoa gugan dugu ta
gogoan bere bizitza,
obe genduan herio hori
baldin gezurra ba-litza.
Euskaltzalea, abertzalea,
sinismenaren lekuko,
praille izanik zure sendiai
etzenion egin uko.
Guretzat anai t'adiskidea,
guziontzat lagun urko,
zuk piztutako argia inork
ez du hinoiz itzalduko.
Gaurtik aurrera bertso kantari
azten naizen bakoitzean,
barne-muineko samin negarra
jarriko zait bihotzean.
Bertsoa izan zendun pozgarri
gure jaiak alaitzean,
bertsotan izan zazu atseden
zeruko heriotzean.