Izkuntza
Muniategi, Sabin
Izkuntza, Aberria osatzen duan
erriaren bizi, gogo ta izakera,
elkargai biozkor ta bereziena da;
ta, etxetik at, mundu zabalean ere
euskaldunak nunbait arkitzen ba-dira,
izkuntzaren bildura ezti, mamitsuz...
(usteak, ametsak, berriak azalduz)
Aberriak betiraunez iraun dagin
oņarri sendo, egokiena dabilte.
Bai, sendi, kabi, Aberri goxo baten
berotasun bearra du bai, gizonak,
ta, gure lurraldea goxoa da neretzako:
ederrena, txukunena, kutunena,
bere baso, mendi, landa, zelaiakin,
bai ibarrik ibar ta, bai aranik aran,
bere itxaso, bere lats, ibaiakin,
eta batez ere euskera goxoaren
zuztar sendo, bildura bizigarriakin;
goxoa, ederra, maitea da bai neretzako
gogo bizi baten lokarri kutunez,
-lokarri iraungarri, betikorrakin-
atzerrian arkitzen diranak ere
alkartzen ditun mintzo zoragarria.