Amona
Tene
Aurtxo txikiak ez daki izketan,
bai baña amonagan agintzen,
amon xamurrak bai dakilako
aurtxoak ez dasana ulertzen;
eta ostera ez dakilako
ulertzen dionik ukatzen.
Bizi-bideko aldatz luzean
arki du ainbat elorri;
gazte sasoyan, udara-aldian,
itxaropenez orlegi;
¡ai! zartzaroan, negu beltzean
osto gabe, soil, mingarri;
¡eta gaxoak ez du bidean
arantza baizik, euskarri!
Orregaitik ba seaska alboan
amona xamurra esertzen da;
eta maitari seaska ori
erabiltzen du "dan-ba, dan-ba".
Txoro egiñik, amonatxuak
begitzen dio billobari;
ba aur txiki orren irriparria
du, bere neke oron sari,
bizi-bidean arkitu ditun
samin guztien aztugarri,
ta urtien otzaz dardaizkan daukan
biotz aularen berogarri.
Arantzak baña, ez du amona
mindu bakarrik egiten,
baita ere dizka negu ostean
lore txuriak eskeintzen.
Orrela baita bizi-bidean
naiz neke miñak ugari,
billoba txiki gogo-zuri bat
du, zartzaroan pozgarri.